Artea

Kandinskiren ibilbide osoa erakutsiko du Guggenheimek

Post-inpresionisten eraginpean margotu zituen lehen lanetatik hasi eta abstrakzioaren aitzindari bilakatu zuten lanetara arteko tartea hartzen du bildumak. New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumaren parte diren 62 lan ikus daitezke, guztira.

Bi bisitari Bilboko Guggenheim museoak Wassili Kandinskiri eskaini dion erakusketan. FOKU
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 19a
14:29
Entzun

«Kulturaren sasoi bakoitzak errepikatu ezin den arte bat sortzen du. Horregatik, iraganeko printzipio artistikoak berpizteko saiakerak, gehienez ere, jaio aurretik hilda dagoen ume bat bezalakoak diren artelanak sortuko ditu». Espiritualtasuna artean izeneko saiakeraren bidez azaldu zuen bere programa artistikoa hitzez Wassili Kandinski artistak (Mosku, 1866 - Paris, 1944). Artistak «barne premia» deitzen zuen indarrari jarraitu behar ziola defendatzen zuen berak, eta, bere kasuan, premia horrek eramanda heldu zen post-inpresionistei ikasitako tekniketatik abiatu eta abstrakzioaren aitzindari nagusietako bat izatera. Historiak alderik alde zeharkatzen ditu bere koadroetako forma geometriko eta lerro zuzen abstraktuak, ordea. Errusian jaio eta Parisen hil zen, baina bizi zen artean bitan utzi behar izan zuen Alemania, esaterako: Lehen Mundu Gerrak behartuta lehenengoz, eta nazien gorakadak bultzatuta bigarrenez. Horregatik aurkeztu ditu Bilboko Guggenheim museoak uztartuta artistaren lanak eta haren bizitza, eta kronologikoki antolatu dituzte sortzailearen ibilbide osoa eta haren garapena erakusten duten 62 obrak. Maiatzaren 23ra arte egongo dira ikusgai.

«Gurutzada». Hitz horrekin kalifikatu dute museoko arduradunek Kandinskik bere garaian nagusi ziren konbentzioak apurtuz hasi eta artistaren «barne premiak» bultzatutako sorkuntzarantz egindako bidea. Lau gune geografikotan antolatu dute ibilbide hori, eta artistaren garapenaren sasoi bat aurkezten du haietako bakoitzak. Haurtzaroko Moskurekin hasi, Munichen egindako arte ederren ikasketekin segi, Alemaniako Bauhaus eskolan irakasle emandako sasoiarekin jarraitu, eta, Parisera, azkenik. Paisaia eta figuratik abiatuta abstrakziorantz, eta, behin abstrakzioaren barruan murgilduz geroztik, forma geometrikoekin batera forma organikoak ere uztartzen dituzten bere azken urteetako lanetaraino.

Urratsez urratseko garapena

Koronabirusagatik ezarritako protokoloak ibilbide zirkularra diseinatzera behartu ditu museoko arduradunak, eta, beraz, gaztaroko lehen lanekin hasi, abangoardien eraginpean sortutako lanekin jarraitu, abstrakzioaren barruan egindako bide guztia osatu, eta helduaroko azken margolanetara iristean, bisitariak aurrez aurre ikusi ahalko ditu aldi berean bildumako margolanik zaharrenak eta berrienak. 1908. 1909. urteen artean margotutako kolore primario bizi eta arbitrario xamarreko zaldun eszena deigarri bat dago, adibidez, horma batean, eta 1940ko hamarkadan sortutako forma geometriko erdi biomorfikoz osatutako oihal handi bat justu haren parean. Eta erakusketan urratsez urrats jarrai dezake bisitariak batetik besterainoko bidea.

Eta margolan sorta garrantzitsu bat biltzen du erakusketak bi mutur horien artean. Kandinskik bere lehen lan abstraktutzat zuen 1913. urteko Lerro beltzak margolana, kasurako, edota sortzaileak musikari zion miresmenaren lekukotza ematen duen Konposizioa 8 izenekoa, bestela, 1923koa. Eta tantaka txertatzen da sortzailearen biografia ere ibilbidean. Bigarren Mundu Gerran Frantzian izandako estutasunen berri ematen baitute, adibidez, oihalak eskuratu ezinean, Kandinskik kartoi gainean egindako margolanek.

Guggenheimen hazia

1929an hasi zen Solomon R. Guggenheim Kandinskiren lanak erosten, eta, egun, haren 150 pieza baino gehiago dauzka New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumak, guztira. Artista errusiarrari eskainitako bilduma handi eta garrantzitsuenetako bat da, ondorioz, eta, hain zuzen ere, multzo hori da Bilbora eraman duten erakusketaren oinarria. Megan Fontanella komisarioak egin du hautaketa, eta BBVA fundazioak babestu du Bilboko erakusketa. New Yorken aurkeztu zuten lehenik, eta Euskal Herria du bigarren geltokia.

Fontanella ezin izan da Bilboko aurkezpenean egon, eta Lekha Hileman Waitoller komisarioak eman ditu azalpenak haren ordez. Eta erakusketan egindako bisitan gogoratu duenez, Kandinskiren lanak estuki lotuta daude Guggenheim museoarekin. Azaldu duenez, Solomon R. Guggenheimi arte abstraktuari buruzko gidaritza eskaintzen zion Hilla von Rebay artista da, kasu honetan, giltzarria, zeina, urte batzuen buruan, museoko lehen zuzendaria ere izango baitzen. Hilemanen azalpena: «Rebayk uste zuen Kandinskiren lanak behar besteko sakontasunez ikusi ahal izateko tenplu moduko batean erakutsi behar liratekeela, eta hori izan zen gerora Frank Lloyd Wright arkitektoak eraikitako New Yorkeko Guggenheim museoaren hazietako bat».

Bisitari gehiagoren zain

Erakusketaren kalitatea nabarmendu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak. «Ez da erraza halako erakusketa osoa egin ahal izatea, bilduma bakar bateko piezak erabiliz». Eta Guggenheim museoaren bildumaren maila erakusten du horrek, museoko zuzendariaren hitzetan. «Munduan dagoen Kandinskiri eskainitako bildumarik garrantzitsuena izan daiteke». 

Uda aurretik egin behar zuten erakusketa, baina orain arte atzeratu behar izan dute asmoa, pandemiagatik. Bisitari gehiagoko sasoien esperantzan zabaldu dute erakusketa, zuzendariak onartu duenez. «Etorkizunarekiko konfiantza keinu bat da hau. Egun, bisitak egiteko aukera oso murriztuta dago, baina espero dugu hemendik denbora batera merezi duen erakusketa honek jende askoz gehiago hartzeko aukera izango duela, eta gizartea ere beste egoera batean egongo dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.