Antzerkia

Oholtzako solasaren segida

Hiru liburu berri eman ditu Ganbila antzerki bildumak: Erika Olaizolaren ‘Panpina’, Sarah Kaneren bi antzezlan, Arantzazu Fernandezek itzuliak, eta Hika Teatroaren hiru obra biltzen dituen ‘Bidaideak’.

Arantzazu Fernandez, Agurtzane Intxaurraga eta Erika Olaizola, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko azaroaren 17a
19:34
Entzun

«Sorkuntzan, artean, liburugintzan, izugarri garrantzitsua da idazle bakoitzak, liburu bakoitzak, arlo bakoitzak bere garaiarekin eta bere garaia osatzen duten pertsonekin dialogatu ahal izatea, eta dialogo horren falta sumatzen genuen antzerkigintzan; oholtzatik asko dialogatzen da, baina ez liburugintzaren ikuspegitik». Hutsune horri erantzuteko abiatu zuten Ganbila bilduma Susa argitaletxeak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Oier Guillan koordinatzaileak oroitarazi duenez. Duela urtebete inguru jarri zuten martxan, lehen hiru liburu aurkeztuz, ekainean heldu ziren ondorengo hirurak, eta beste hainbeste plazaratu dituzte orain: Erika Olaizola eta Kamikaz konpainiaren Panpina, Sarah Kaneren Zartatua eta 4.48 Psikosia, eta Hika Teatroko Agurtzane Inxaurragak eta Arantxa Iturbek sinatutako Bidaideak, hiru antzezlan jasotzen dituena.

Bildumaren hirugarren labealdia osatzen dute, bada, hiru lanek, eta, Guillanen hitzetan, oholtzaz harago luzatzen den solasaldiaren «adierazgarririk apartekoenetako bat» erakusten dute. «Antzerkiak hainbat norabidetan dialogatzen duelako: dialogatzen du oholtza gainean belaunaldi berriak egiten ari diren lanarekin, Panpina-ren kasuan;  ibilbide luzea duten egileei begirunea azaltzen zaielako, Bidaideak-ekin; eta dialogatzen duelako, baita ere, mundu mailan egiten den antzerkiarekin, Sarah Kaneren itzulpenaren bitartez».

Panpina-ren unibertsoa

Erika Olaizolaren «imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik» sortutako lan bat da Panpina. Eta ideia hori lehen lerrora ekarriz abiatzen da antzezlanaren liburua. Olaizolak pentsatua, zuzendua, antzeztua da istorioa, eta, hala ere, «prozesu kolektibo baten emaitza» dela adierazi du egileak. Horrek azaltzen du liburuari eman dion itxura poliedrikoa. «Denetik dago», esan du motzean. Oraindik agertokietan erakusten ari den obraren gidoia seinalatu du «printzipaltzat», eta azpimarratu lanari eutsi dion alde kolektiboaren isla jasotzen saiatu dela liburuan. Oier Guillan, Leire Arenas, Javier Barandiaran eta Idoia Beratarbideren izenak nabarmendu ditu, zeintzuei leku bana eskaini dien liburuan, hitzez zein irudiz bete dutenak.

Haiekin batera ondutako sortze prozesua ere aletu du liburuan Olaizolak; Erika Rooibos protagonistaren ertzak, 2019ko udazkenean estreinatzera heldu aurretik izandako gogoetak, lana erakutsi ahala gehitutakoak. «Izan ere, Panpina-k ekarri du une oro pentsatzea panpina noiz den panpina, kanpo begiradak hor duen zerikusia, aktore bezala noiz sentitu naizen ni panpina, nire egoa, esponitzeko dudan beharra... hausnarketa horiek ere badaude».

Panpina hitzak zer iradokitzen dien galdetu die hainbat kolaboratzaileri —Ainara Ortega, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz eta Miren Amurizari—, eta haien testuen atzetik beste elementu berezi bat ere gehitu du: bi sexologori egindako elkarrizketa, obrak sortutako irakurketen inguruan. «Denetik», errepikatu du. «Hori dena da Panpina-ren unibertsoa».

Itzulpena estreinakoz

Lehen aldiz heldu da itzulpena Ganbilara liburu honekin. Sarah Kane britainiarrak idatzitako lehen eta azken antzezlanak biltzen ditu: Zartatua eta 4.48 Psikosia. Munduko dramaturgiarekin elkarrizketan sakontzeko haren izena «erreferentziala» dela aipatu du Guillanek, eta berretsi Arantzazu Fernandez itzultzaileak: «Balio digu oso ondo ikusteko dramaturgia berria nola gauzatu zen 1990eko hamarkadan Ingalaterran. Thatcherren garaian gazte askok zuten haserrea eta mina oholtzara eraman zuen belaunaldikoa izan zen, eta bera belaunaldi horretan puntakoena zen». Landutako auziek soilik ez, lantzeko erak bereizi zuen Kane, Fernandezen esanetan: «Mina eta krudelkeria disimulurik gabe oholtzaratu zituen. Antzerki kontserbadore eta ez hain kontserbadorean dagoen itsuskeria ez erakuste hori aparte utzita, gordinkeria oholtzara ekarri zuen». Kritikak gogor hartu zuen horregatik; aldiz, gazteen atxikimendua lortu zuen. «Erakutsi nahi izan zuen ez dugula ikusi nahi bizitzan benetan gertatzen dena».

Zartatua-ren kasuan, emakume bati dokumental batean entzundakoak hartu zituen oinarri. «Intzestuaz hitz egiten du, bortxaketaz, kanibalismoaz... eta ez du ezer leuntzen». Bigarren obran, berriz, buruko gaitzaz idatzi zuen. Izenburuak gaixo mental bat esnatzen den orduari egiten dio erreferentzia, Fernandezek azaldu duenez, askotan Kanerekin identifikatu izan dena, bere buruaz beste egin zuelako gutxira. «Esnatzen zenean, goizalba krudel horretan ulertzen zuen mundua, baina ezin zuen harekin. Min hori ageri da». Irakurtzeko zein antzezteko errazak ez izan arren, duten interes handia azpimarratu du itzultzaileak. «Hitz egiten digute tripetatik, baina oso era neurtuan, eta emango digute bihotzean bete-betean».

'Bide baten isla

Hika Teatroak hiru hamarkadatan egindako antzerki ekarpenaren isla eta aitortza gisa aurkeztu dute, azkenik, Bidaideak. Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek idatzitako hiru lan biltzen ditu: elkarrekin egin zuten lehena, Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010). Harkaitz Canoren hitzaurre batek egiten die sarrera, «kanpoko begirale modura» beti ondoan izan dutenarenak, Intxaurragaren arabera. Liburura eramandako obrek amatasunaz, dirua beste etikarik ez duen protagonista batez eta zaintzaz ari diren hiru gizonez dihardute, eta «eguneroko txikitasuna» oinarri badute ere, argi adierazi nahi izan du antzerki idazleak: «Beste gai batzuk bezain garrantzitsuak dira, ezikusiak izan direnak».

Azpimarra jarri dio, orobat, Ganbilak emandako hiru lan berriek emakumezkoen sinadura izateari. «Zu entzuten nenbilela, Erika, pentsatu dut gu beste belaunaldi batekoak garela. Gu askoz ere ezkutuagoan hasi ginen antzerkian; gure ahotsa entzutea oso zaila zen. Oso ohituta gaude gure lanak martxoan eta azaroan programatzera, emakumeen kontuak direlakoan, eta ez istorio handiak. Baina aldarrikatu nahi dut besteak bezain unibertsalak direla, pertsonenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.