IHESLARIAK

Defentsaren helegitea baztertuta, Espainiaratu eginen dute Natividad Jauregi

Ganteko Auzitegiak haren estradizioa onartu zuen azaroaren 5ean, eta defentsaren abokatuak jarritako helegitea atzera bota du Kasazio Auzitegiak. Datozen bi hilabeteetan Espainiaratuko lukete. Josu Urrutikoetxea ere Espainiaratzearen alde egin du, 1987ko auziagatik.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2017an onartu zuen estradizioa. PATRICK SEEGER / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 17a
17:23
Entzun

Belgikako Kasazio Auzitegiak gibelera bota du Natividad Jauregiren defentsak jarritako helegitea, eta, beraz, berretsi egin du joan den azaroaren 5ean Ganteko Auzitegiak hartutako erabakia: Espainiaratu eginen dute Jauregi, beraz. ETAko kide gisa 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatuta eskatua du Espainiako Auzitegi Nazionalak haren estradizioa, bertzeak bertze. 2016an atxilotu zuten Jauregi azkeneko aldiz, Belgikan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz, baina segidan utzi zuten aske berriro. Aurretik 2013an ere atxilotu zuten —iheslariak bizitza arrunta egiten zuen Belgikan ordurako—. Efe agentziak jakinarazi duenez, datozen bi hilabeteotan Espainiaratuko dute.

Ez da Jauregi Espainiaratzeko eskatzen duten lehen aldia. 2004an, 2005ean eta 2015ean Belgikako justiziak Espainiaratzeari uko egin zion, iritzita Espainiak Jauregiren giza eskubideak urra zitzakeela. Romeoren senideek helegitea jarri zuten, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak onartu egin zuen Espainiaratzea, Belgikako justiziari leporatuta ez zuela modu osoan aztertu arrisku hori, ezta Espainiak eskaturiko euroaginduak ere. Belgikak kalte-ordaina eman behar izan zion Romeoren sendiari, eta Ganteko Auzitegiak orduan gibelera botatako estradizio eskaera berraztertu zuen azaroan.

Josu Urrutikoetxea ere Espainiaratzeko erabakia

Frantziako Kasazio Auzitegiak Zaragozako (Espainia) kuartelaren auziagatik Josu Urrutikoetxea euskal preso ohia Espainiaratzearen alde egin du gaur. Espainiako Gobernuak iaz estradizio eskaera egin zion Parisi, Urrutikoetxeak 1987ko abenduan izandako atentatuarekin zerikusia duelakoan —11 lagun hil zituen ETAk—. Frantziako Dei Auzitegia estradizioaren alde azaldu zen joan den urtarrilaren 8an, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen Kasazio Auzitegian.

Urrutikoetxearen kasuan, heldu den egunetan Dei Auzitegiak beste auzi bati buruzko iritzia emango du: Luis Herguetaren hilketari buruzkoa (1980). Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera aztertuko du.

Azaroaren 4an Kasazio Auzitegia euroaginduaren alde azaldu zen herriko tabernen auzian. Uztailaren 1ean, berriz, Dei Auzitegiak atzera bota zuen Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera.

Paris 2021ean bi epaiketa egitekoa zaio Urrutikoetxeari, ETArekin lotuta, eta, horiek ebatzi artean, euskal preso ohia ez dute Espainiaratuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.