ESPAINIAKO AURREKONTUAK

Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bateratua aurkeztu dute EH Bilduk, ERCk eta UP Unidas Podemosek

2021eko aurrekontuei zuzenketa partzialak jartzeko epea bukatu da. PSOEk berriro onetsi du koalizio independentistak emandako babesa

Asens (UP) gaur, alboan Aizpurua (EH Bildu) eta Rufian (ERC) dituela. MARISCAL / EFE
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 17a
14:38
Entzun

Etxegabetzeak eteteko eskatzen duen zuzenketa bateratu bat jarri diete EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak eta UP Unidas Podemosek Espainiako aurrekontuei. Espainian alarma egoera indarrean dagoen bitartean joateko beste tokirik ez dutenen etxegabetzeak eta oinarrizko horniduraren eteteak debekatzea planteatzen dute. 2021eko urtarrilaren 31 arte, debekatuta dago COVID-19agatik egoera zaurgarrian daudenak etxegabetzea, baina hiru indar politikoek nahi dutena da bestela egoera horretan daudenen etxegabetzeei ere eragitea neurriak. Hori, gainera, 2022ko abendura arte luzatu nahi dute, Jaume Asens UPko diputatuak prentsaren aurrean azaldu duenez. Gaur bukatu da, hain zuzen, Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2021eko aurrekontuei zuzenketak egiteko epea.

Agerraldi horretan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak eta Gabriel Rufian ERCren ganberako eledunak ere parte hartu dute. «Ez dugu itzuli nahi etxegabetzeek markatutako normalitate zaharrera, enplegu prekariora, nahikoa ez diren pentsioetara, energia txirotasunera eta pobreziaren feminizaziora», nabarmendu du Aizpuruak. Iruditzen zaio etorkizun «duin bat» eman behar zaiela gehien sufritzen ari direnei. EH Bildukoarentzat, eskera «guztiz logikoa» da, eta garrantzi handiagoa du «osasun larrialdi batean». Gogoratu du, bide batez, iaz 1.372 etxegabetze gertatu zirela Hego Euskal Herrian. Asensen esanetan, PSOEk bazuen zuzenketaren berri, eta «ulertu» du.

Aurrekontuen beraien harira, Espainiako Gobernua gasolioaren zergaz hitz egiteko prest dago, Maria Jesus Montero bozeramaile eta Ogasun ministroak jakinarazi zuenez. Aurrekontuen proiektuan PSOEk eta UPk osatutako gobernu koalizioak jaso zuenez, autoan gasolioa darabiltenek gehiago ordaindu beharko dute zergetan, 2,3 euro gehiago 50 litroko. Eta horrek EAJ haserretu zuen duela hiru aste, argudiatuz horrek «Euskadiko autoaren industriari» kalte egingo liokeela. Jeltzaleek, halere, ez diote babesik ukatu aurrekontu proiektuari. Monterok aitortu duenez, alderdi politikoen babesaren truke, zenbait kontutan «amore eman» beharko dute.

Bestalde, PSOEk berriro onetsi behar izan du EH Bilduk aurrekontuetan emandako babesa. PSOEren zenbait buruzagik ez dute nahi EH Bilduk Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2021eko aurrekontuak babestea, eta, hain zuzen, koalizio independentistak momentuz plazaratutako babes horren aurka mintzatu dira azken egunetan. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kargu hartu zien, atzo, alderdiaren zuzendaritzaren bileran, eta esan zien jendaurrean ez egiteko molde horretako adierazpenik. PSOEren iturriak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, aurrekontuak aurrera ateratzea lehenesten du alderdiak, eta EH Bilduren babesa onartzen du. Eta Adriana Lastra PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak argi utzi du hori, gaur. «Nik beti entzuten ditut erne gure adinekoak, baina orain guri tokatzen zaigu», nabarmendu du. Izan ere, EH Bilduren babesa onartzearen aurka gogorren mintzatu denetako bat izan da Alfonso Guerra, PSOEren kide historikoa, Felipe Gonzalez Espainiako presidente zen garaian presidenteorde izandakoa. Egun alderditik kanpo dago. «Belaunaldi berri bat gara, eta herrialdea eta PSOEren zuzendaritza zuzentzea tokatzen zaigu», gehitu du Lastrak.

Egutegia

Aurrekontu proiektuari jarritako osoko zuzenketak joan den astean bota zituen atzera Kongresuak, besteak beste EAJren eta EH Bilduren babesarekin. Talde parlamentarioek jarritako zuzenketa partzialak aztertuko ditu orain PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak, eta horiei betoa jartzeko aukera du, iruditzen baldin bazaio aurrekontuari okerrerako eragiten diotela. Betoen galbahea igarotzen duten zuzenketak aurrekontuetarako batzordean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, sailez sail, datorren astean. 37 diputatu daude batzordean, eta 17 dira PSOEekoek eta UPkoak; hau da, ia gehiengo osoa dutela, eta tarte nahikoa dutela beharrezko babesak negoziatzeko. Behin batzordetik pasatuta, aurrekontuak azaroaren 30ean helduko dira Kongresura, eta aste horretan sailez sail eztabaidatu eta bozkatuko dituzte. Onartuko dituzten itxura du.

Espainiako Senatuak adostutako egutegiaren arabera, urtea amaitu baino lehen onartu nahi ditu behin betiko aurrekontuak gobernuak. Behin Senatuko tramiteak gaindituta —egutegia aintzat hartuta, abenduaren 23rako—, aurrekontuak berriro itzuliko dira Kongresura, eta gobernuaren intentzioa da azken astean osoko bilkura bat egitea. Kongresuko iturriak aipatuz Efe berria agentziak kaleratu duenez, hori esan die Meritxell Batet ganberako presidenteak talde parlamentarioetako bozeramaileei.

«Demokraziaren arrakasta bat»

Lastrak bezala, PSOEren beste ordezkari batek ere ontzat jo du EH Bilduren jarrera. Alderdiaren Senatuko bozeramaile Ander Gilen esanetan, «demokraziaren arrakasta bat» da koalizio independentistak administrazio publikoei eragiten dieten «erabakietan» parte hartzea. EAEKo PPren presidente Carlos Iturgaizentzat, ordea,«Espainia haustea» du helburu PSOEren eta EH Bilduren arteko «itunak». Gilek garrantzia kendu die hitz horiei, esanez «atentzioa desbideratu» nahi dutela. Gogoratu du, gainera, Javier Maroto PPren Senatuko bozeramailea «espezialista» dela EH Bildurekin. akordioak egiteko orduan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.