Ez du tarte handia beteko euskal selekzioaren historian gaur Ipuruan Costa Ricaren aurkako neurketak. Ez du askorako ematen astelehen buruzuri batean, harmailak hutsik, makina bat jokalari garrantzitsu gabe eta sona apaleko kontrario baten aurka jokatutako partida batek. Koronabirusaren pandemia betean jokatutakoa izateagatik pasatuko da historiara lehia. Baita selekzioak lortutako beste garaipen batengatik ere; Javier Clemente hautatzailearen aroko lehena. Horri esker, bolada onari eutsiko dio etxeko selekzioak: ia bederatzi urte daramatza galdu gabe, 2011ko abenduan San Mamesen Tunisiaren aurka 0-2 galdu zuenetik. Ordutik bederatzi partida jokatu ditu: sei irabazi ditu, eta hiru berdindu.
Ikusteko dago ea partidak balioko duen ofizialtasunaren aldeko aldarria indarberritzeko, azkenaldian apalduta baitago. Hala ere, aldaketa esanguratsua egon da azken neurketekin alderatuta, ofizialtasunaren aldeko aldarria presente egon baita. Gu ere bai! ekinbideak partidarako hautatutako leloa zuen pankarta bat egon da zelaian, lehia hasi aurretik: Euskal selekzioa. Ofizialtasuna. Euskal Herritik mundura, zioen. Hura aurrean, lurrean zuela atera du argazkia euskal selekzioak. Hain zuzen ere, ofizialtasunaren gaia hizpide izan da azken egunetan. Izan ere, Euskadiko Federazioak ez du oraindik bete duela bi urte haren batzarrak eskatu ziona: Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izateko. Egun, Euskadiko Federazioaren lehentasuna selekzioak FIFA datetan jokatzen jarraitzea da. Hirugarren aldia du gaurkoa. Federazioak espero du hori eginda selekzio indartsuren bat Euskal Herriko jokalariekin indarrak neurtzeko prest egotea.
Deialdian bezala, Clementek Athleticeko jokalarien alde egin du hasierako hamaikakoa osatzeko: talde zuri-gorriko bederatzi jokalari zelairatu ditu: guztiak, Gebara eta Torres ez beste. Ronald Gonzalez Costa Ricako hautatzaileak, berriz, ostiralean Qatarrekin berdindu zuen hamaikako antzekoaren alde egin du. Navas, Borges, Campbell... jokalari ezagunenak zeuden.
Derrigorrean nabaritu behar da selekzio batean talde bereko bederatzi jokalari aritzea: oso ondo ezagutzen dute elkar. Eta horrela iritsi da lehen gola, hamabigarren minutuan. Morcillok baloia lapurtu du defentsan, bizi joan da ezker hegaletik, bikain erdiratu du, eta Muniainek ezin hobeto biribildu du jokaldia.
Baina gola sartuta, pauso bat eman dute atzera etxekoek, eta bat aurrera Costa Ricak. Borgesek izan du lehen aukera, eta Campbellek bigarrena. Halere, arriskua sortzen segitu du euskal selekzioak, eta Williamsek gertu izan du bigarren gola. 1-0koarekin amaitu da lehen zatia. Bizi zihoan lehia. Polita zen partida.
Indartsu itzuli dira bisitariak, presio eginez. Baina ondo eutsi diete etxekoek. 71. minutuan, ordea, Costa Ricak horma bota du, eta banakakoa lortu: Moyak, buruz. Aldaketa festa izan da jarraian, baina erritmoak ez du behera egin. Bautistak eskura izan du 2-1ekoa, buruz, 88. minutuan, baina Navasek gelditu egin du baloia. Atezainak, ordea, ezin izan du ezer egin bost minutu geroago korner batean Unai Nuñezek buruz egindako errematea gelditzeko. Gol horrek eman dio garaipena selekzioari, Ipuruako sirena ozen jotzen ari zela.