AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du taldeko bi militante atxilotu dituela Ertzaintzak Bizkaian. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu izanen lituzke atxiloketak, eta atxilotuen etxeak ere miatzen ari da Ertzaintza, AEMren arabera.
Usansoloko (Galdakao, Bizkaia) Valentilla Morisolli eta Ibarrangeluko (Bizkaia) Gaizka Astorkizaga dira atxilotuak; Astorkizaga euskal preso ohia da. AEMk jakinarazi du euren senideen bidez izan dutela atxiloketen berri, eta elkartasuna adierazi diete: «Euren senitarte eta lagunei animo erraldoi bat igortzen diegu, eta baita Euskal Herriko Langileari adi egoteko bai atxiloketa hauen inguruan burutuko diren mobilizazioak zein Txikitorenak direla eta». Atxilotuak askatzeko eskatu dute.