Mendebaldeko Sahara

Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri du

Brahim Ghali SEADeko presidenteak hautsitzat jo du 1991ko su-etena, eta indar armatuei eskatu die «segurtasun nazionalaren kontrola» hartzeko. EBk eta NBEk menia errespetatzeko deia egin diete bi aldeei.

Fronte Polisarioko soldaduak, atzo. JAVIER MARTIN / EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 14a
15:25
Entzun

Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki du, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Brahim Ghali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak hartu du erabakia, eta bere indar armatuei agindu die «segurtasun nazionalaren kontrola» hartzeko. Horren aurretik, Fronte Polisarioak jakinarazi du Marokoren lau base militar eta bi zaintza postu bonbardatu dituela, eta «galera materialak» eragin dituela; hildakoak ere aipatu ditu. Gaur gauean bigarren bonbardaketaren berri eman du: «hainbat militar» marokoar hil dituela adierazi du.

Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsio militarrak gora egin zuen atzo, Rabat herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueraten sartu zenean —Mendebaldeko Sahararen hegoaldean—. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometro ingurukoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko; dozenaka manifestari urriaren 21etik ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen. 

Minurso NBE Nazio Batuen Erakundearen misioari exijitzen diote bete dezala autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa. Minurso 1991n eratu zuten helburu horrekin eta su-etena zaintzeko egitekoarekin; halere, bi aldeek elkarri egotzi diote itun hori hainbatetan urratzea eta Guergueraren sartzea.

Ghaliren iritziz, Marokoren operazioa Fronte Polisarioak eta Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak izan behar duten bilkuraren bezperan gertatu izanak erakusten du «aurrez pentsaturiko eraso bat» izan dela. Egoera horren aurrean, etxeratze agindua dekretatu du Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan (Aljeria).

Gerra egoera deklarazioari Marokoko Gobernuak oraingoz ez dio erantzunik eman, ezta Fronte Polisarioak bere erasoetan ustez hil dituen militarren inguruko adierazpenei ere. Aldiz, SEADeko agintari batek Equipe Media agentziari esan dio Rabat «gerra luze baterako» prestatu behar dela.

Marokok adierazi du ez ziela zibilei eraso egin, baina Fronte Polisarioak kontrakoa dio: «Marokok su-etenari eta horri loturiko akordio militarrei azpilana egin die. Eraso horrekin, irtenbide baketsu eta iraunkor baterako edozein aukera ahuldu du». Mohamed Eluali Akeik SEADeko lehen ministroak iazko azaroan BERRIAri adierazi zion «aukera guztiak mahai gainean» daudela, «baita borroka armatura itzultzea ere».

EB Europako Batasunak eta NBEk ez dute aukera hori nahi, eta bi aldeei menia errespetatzeko eskatu diete. «EBk bat egiten du NBEren goraldiaren aurkako deiarekin, eta 1991ko irailaren 6tik indarrean dagoen menia errespetatzeko eskatzen du, baita 2019an bertan behera geraturiko negoziazio politikoei berriz ekiteko ere», adierazi du talde komunitarioaren eledun batek.

Guerguerateko muga egunbete egon da itxita ibilgailuentzat, bi norabideetan, eta soilik NBEren autoak, langileak eta kasko urdinak igaro ahal izan dira epe horretan; ez dute adierazpenik egin gertaturikoaz. Gaur arratsaldean ireki dute berriz, eta kamioiak hasi dira hortik pasatzen, Marokoko Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez.

2017an, sei hilabete iraun zuen liskar bat izan zuten bi aldeek Guergueraten, eta azkenean Marokok handik erretiratzea erabaki zuen; Fronte Polisarioa, aldiz, eremu horretan geratu zen. Errepide bateko obrak hastearekin batera, harresian barrena 3,8 kilometro egin zuten aurrera militarrek, berez okupatuta daukaten herrialdean aurrera egin eta lurralde liberatuetan sartuz; orduan ere, Polisarioak su-etenaren urraketatzat jo zuen gertakaria, baina ez zuen hautsitzat jo, ezta gerra egoera ezarri ere.

Testuinguru aldaketa

Aurten, ordea, beste testuinguru bati egin beharko dio aurre NBEren misioak. Erakundearen Segurtasun Kontseiluak urriaren 30ean onartu zuen Minursoren luzapena, AEBek aurkeztu zuten proposamen batekin, eta ebazpenak bi abstentzio jaso zituen: Errusiarena eta Hego Afrikarena.

Moskuren iritziz, testuak ez dio nahikoa pisu aitortzen herrialde okupatuaren autodeterminazio eskubideari. Washingtonek eta Berlinek, berriz, Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkari bat izendatzeko beharra nabarmendu zuten, haren hutsuneak aurrerapauso politikoak zailtzen dituelakoan.

Fronte Polisarioak bere egitekoa amaitzeko exijitzen dio Minursori: autodeterminazio erreferendum bat antolatu dezala. Marokok, berriz, eskualde autonomo bat eratzea proposatzen du, eta Etxe Zuriaren babesa izan du horretan.

Sahara-Euskadiren salaketa

Sahara-Euskadi mugimenduak salatu du Marokok urratu egin duela 1991n Mendebaldeko Sahararekin sinatu zuen su-etena. Ohar baten bidez, Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza duten herrialdeei eskatu die 1988ko bake itunean bi aldeek adostu zuten autodeterminazio erreferenduma antolatzeko.

Egoera horretan, «deskolonizazioaren zain dagoen Afrikako azken lurralde ez autonomoarekiko erantzukizuna bere gain hartzeko» exijitu diote Madrili. Hurrengo egunetan mobilizazioak antolatuko dituzte sahararrei elkartasuna adierazteko, eta, horri begira, herritarrei dei egin diete parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.