Adierazpen askatasuna

Foruzaingoko buruak barkamena eskatu dio LKN grafitilariari

Nafarroako Parlamentuaren parean artistaren marrazki bat agertu zen, non Maria Txibite eta Bakartxo Ruiz ageri ziren elkar musukatzen. Foruzain batek agindurik gabe apurtu zuen obra.

LKNk Nafarroako Parlamentuaren parean egindako lana, Foruzaingo batek apurtu aurretik. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 12a
09:47
Entzun

Atzo goizean agertu zen Iruñean LKN grafitilariaren azken obra: Nafarroako Parlamentuaren parean egin du, eta, bertan, Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailea ageri dira, elkar musukatzen. Legebiltzarrean, egunotan, aurrekontuak ari dira negoziatzen. 

Goizeko azken orduan, ordea, apurtuta azaldu zen margolana. Foruzaingoko agente batek hautsi zuen, Nafarroako Gobernuaren arabera, inoren agindurik jaso gabe: «Inork ez zuen agindu halakorik egiteko». Ondorioz, Juan Carlos Zapico Foruzaingoko buruak obraren egileari deitu behar izan zion barkamena eskatzeko. Javier Remirez gobernuko bozeramaileari goizean galdetu zioten gaiaren inguruan; hark egitasmoari «errespetu osoa» erakutsi zion, eta argi utzi zuen gobernuaren jarrera «adierazpen askatasunaren aldekoa» dela.

LKNren margolana, atzo, apurtu ostean. BERRIA

LKNren lana binilo papelean eginda zegoen, eta Berlingo Harresian dagoen lan ospetsu batean oinarritu da marrazkia egiteko: hartan, bi gizon dira elkar musukatzen ari direnak, Leonidas Brezhnev Sobietar Batasuneko burua zena, eta Erich Honecker, Alemaniako Errepublika Demokratikoko presidente ohia.

Politikara saltoa

LKNk hainbat lan egin ditu lehenago ere Iruñako kaleetan, baina bestelako gaiei buruzkoak. Gehienetan Osasunaren lehen taldeko kideak marraztu izan ditu. Argitara atera zuen lehen lanean, Jagoba Arrasate entrenatzailea santu salbatzaile modura marraztu zuen, eta ordutik jokalariak marraztu izan ditu: Chimy Avila, Pervis Estupiñan, Ruben Garcia, Maider Irisarri, Roberto Torres...

Orain, ordea, futbola utzi eta politikarako saltoa eman du artistak. Azaldu duenez, egungo egoera politikoa irudikatu nahi zuen, «aurrera doala dirudien akordio bat irudikatuz», eta egileak berak baieztatu du atzo Foruzaingoaren deia jaso zuela. Akats bat izan zela azaldu zioten, eta gaineratu eurek errespetatzen dutela artea eta adierazpen askatasuna.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.