Urriaren 27an izan zen. Mikel izeneko 15 urteko Bilboko gazte bat gona bat jantzita joan zen eskolara, «gogoa nuelako, besterik gabe». Han, ordea, iseka egin zioten ikaskideek, eta irakasleek ere janzkera gaitzetsi eta psikologoarena bidali zuten: «Han etengabe galdetu zidaten ea emakume sentitzen ote nintzen. Esan diet ez diodala generorik jartzen neure buruari, baina, zerbait izatekotan, mutila naizela».
Gertatutakoa Tiktok sare sozialaren bidez zabaldutako bideo batean kontatu zuen gazteak, eta oihartzun izugarria izan zuen haren istorioak. Asko izan ziren Mikeli elkartasuna erakutsi ziotenak, eta, protesta egiteko, ikastetxera gona bat jantzita joateko erabakia hartu zuten hainbatek. Azaroaren 4an egin zuten lehen aldiz.
Ezustean, mugimendu bat sortu zen, inor janzteko moduagatik, itxuragatik edo bere sexualitateagatik baztertzearen aurkakoa. Mikelek azaldu duenez, hala jantzita joan nahi izan zuen Europako beste herrialde batzuetan mutilek gona jantzita eramaten zuten mugimendu feminista bat ikusi zuelako, «eta hori egiteko gogoa nuelako».
Atzo, Oñatin
Ordutik, ehunka izan dira Euskal Herrian eta Espainian eskolara gona jantzita joan diren gazteak, eta irakasle batzuk ere gehitu dira aldarrikapena egiteko haien modura. Atzo, adibidez, Oñatiko (Gipuzkoa) institutura joan ziren hainbat gazte gona jantzita. Ikasgela batean egin zuten gaiaren inguruko gogoeta, baina azkenean institutu osora zabaldu zuten egitasmoa, eta maila guztietako ikasleek egin zuten bat aldarrikapenarekin.
Oñatiko institutuko ikasleak, atzo, gona jantzita. Irudia: Oñati Goiena.