Euskara

Euskalgintzako eragileek herritarren babesa eta erakundeen erantzukizuna eskatu dituzte

Salatu dute COVID-19aren bigarren olatuak euskara eta euskalgintza «estu» hartu dituela eta lehendik zetozen gabeziak «gordindu» dituela. Euskalgintzaren eta euskal hiztunen eskubideen aldeko erabaki estruktural eta iraunkorrak eskatu dituzte

Euskalgintzako eragileen prentsaurrekoa, goiz honetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 10a
14:01
Entzun

Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak agerraldi bat egin dute Bilbon, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean, COVID-19aren pandemiaren garaian euskarak eta euskalgintzak bizi duten egoera «larriari» buruz abisua emateko. Pandemiaren lehen olatuak agerian utzitako «hutsune eta desberdinkeriak» bizi-bizi daudela salatu dute, eta lehendik zetozen gabeziak «gordindu» besterik ez dituela egin erran dute. Erakundeei eskatu diete euskararen aldeko politikak sustatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak har ditzatela, eta euskaltzaleei eta herritarrei dei egin diete euskararen aldeko jarrera aktiboari eusteko. «Denon babesa ezinbestekoa izanen da», adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskalgintzak ekainean eman zuen lehen abisua. «Itxialdia hasi eta segidan, euskal hiztunon hizkuntza eskubideak bazterreratuak izan ziren, berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean», oroitarazi du Bilbaok. Geroa euskaratik adierazpena aurkeztu zuten orduan, hainbat proposamen eta neurri zehatzekin. «Euskalgintzari arnasa eman eta denon hizkuntza eskubideak bermatzeko eta gizarte berdinzale eta kohesionatuago bat lortzeko». Baina hilabeteak pasatu ondoren, «egoerak bere horretan» segitzen duela, eta euskalgintzak «estu arnasten» jarraitzen duela ohartarazi du Bilbaok. «Neurri horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira». Administrazioak, erakundeak eta eragileak«erantzukizunez» jokatzera deitu ditu. «euskararen erabilera erosoa bermatzeko urratsak egin behar dituzte, erabaki eta neurri zehatzekin. Hitzetatik egitateetara pasatzeko».

Pandemiaren ondorioz, euskalgintzaren proiektu mugarri batzuk atzeratu behar izan dira, horrek dakartzan «ondorio sozial eta ekonomiko» guziekin. Horien artean dira Korrika, Ikastolen Elkarteen festak eta eskola publikoarenak, besteak beste. Beste batzuk egoerara moldatzen ahalegindu dira. Sarean ospatuko da aurten Durangoko Azoka, esate baterako, horrek dakartzan «ondorio sozial eta ekonomikoekin». Errigorak, bestalde, «aparteko esfortzua» egin behar izan du, Ibai Sueskun proiektuko kidearen hitzetan: «Inoiz baino zailtasun gehiago topatu arren, sinetsita baikaude inoiz baino beharrezkoagoa dela ahalegina». Aurten, Errigorako saskien salmentetatik jasotako laurdena AEK, Seaska eta Sortzenera bideratuko ditu ekimenak; salmenta zabalik dago.

Euskalgintzak martxan dituen proiektuetan parte hartzera deitu du Bilbaok, «erakusteko euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea dugula». Durangoko Azokara «klik bidez gerturatzeko», Euskaraldian izena ema eta parte hartzeko, eta Errigorako saskiak prestatu, erosi eta dastatzen jarduteko gomita egin du. Baina «inportantetzat» jo du horri guztiari gerora bide ematea ere. «Geroa euskaratik bizi nahi badugu, babes hori ezin baita hamar egunetara mugatu; sareko kliketara, urteko erosketa bakarrera, babes-argazkietara».

Euskara erdigunera

Kike Amonarriz Euskararen topaguneko lehendakariak adierazi du euskaldunei «maiz» gertatu zaiela ohiko oztopoei «zailtasun erantsiak» gehitzea. «Debekuei eta jazarpenei egin diegu aurre; gerrak, diktadurak eta era guztietako krisien eraginak nozitu ditugu». Baina nabarmendu du «beti» atera direla aurrera. «Beti egon delako euskaraz hitz egiten jarraitu nahi izan duen herri bat; hizkuntzaren aldeko jarrera aktiboa izan duten herritarrak eta, egoerarik zailenetan ere, euskarari etorkizun hobea eskaini nahi izan diotenak; gure hizkuntza komunitatearen alde, modu kontziente eta antolatuan euskararen erabilera eta transmisioa bermatu eta hauspotu duten euskaltzaleak».

Horregatik, erakundeen babesaz gain, herritarren «jarrera aktiboa» ezinbestekotzat jo du. Ohartarazi du hizkuntzak «komunikatzeko eta komunitatea trinkotzeko» direla, baina, koronabirusak elkarrengandik urruntzera behartzen gaituela. «Neurri zehatzak hartzen ez badira eta euskaldunok ez badiogu hizkuntzari eusten, joera horiek hizkuntza hegemonikoak indartuko dituzte are gehiago. Egoera honetan euskararen alde jokatzea, bestalde, bada komunitatearen alde jokatzea, hau da, hezkuntza inklusiboaren alde egitea, gertuko komertzioa eta sortzaileak babestea... Euskaraz egin eta euskararen alde egotea denon geroa eraikitzea baita». Ondoko hilabeteetan, euskara bizitza sozialaren erdigunera eramatera deitu du, segurtasun neurri guziak hartuz eta errespetatuz.

Alde horretatik, aurtengo Euskaraldia bereziki garrantzitsua izaten ari dela erran du. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra iraganen da, eta milaka eta milaka entitate eta herritar «ilusioz eta harrotasunez» euskararekiko konpromisoa eta atxikimendu praktikoa erakusten ari direla erran du. «Euskaraz bizitzeko hautua egina duen gizarte bat dagoela erakutsi behar dugu, ahalik eta Euskaraldirik indartsuena lortuz denon artean». Halaber, abenduaren 4tik aitzina Euskaraldiari jarraipena ematera deitu du, herriz herri eta auzoz auzo. «Oztopoak oztopo eta mugak muga, euskaraz bizi nahi duen eta euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi duen herri hau bizirik eta aktibo dagoela erakuts dezagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.