Memoria

Memoria eraikitzeko gazteen ekarpenaren garrantzia azpimarratu du Urkulluk

Memoriaren egunean, suontzia piztu dute Eusko Legebiltzarraren atarian, eta arratsaldeko ekitaldian gazteriak protagonismo berezia izan du

Gaur goizean egin dute ekitaldia, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
joxerra senar
2020ko azaroaren 10a
10:27
Entzun

Atzera begiratu aurrera jarraitzeko. Horixe izan da gaurko Memoriaren Eguneko mezu nagusia, eta bere hitzaldian, egindako bidearekin batera, aurrera begira geratzen den guztia nabarmendu du Iñigo Urkulluk. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, «oraingo eta etorkizuneko Euskadi soilik izango da baldin eta iraganeko memoria badu». Bide horretan gazteek ekarpen handia egin dezaketela uste du: «Gazteek ezagutzeko eskubidea dute, baita memoria eraikitzeko betebeharra ere. Herri honetan desberdin pentsatzeagatik hil zela jakiteko eskubidea dute» . ETAren terrorismoa existitu zela eta estatu egiturak erabilita giza eskubideak urratu zirela jakin behar dute, Urkulluren esanetan.

Bilbon, Gogora institutuaren egoitzan egin da memoriaren eguneko ekitaldi nagusia. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu eta memoria arloko hainbat agintari —hala nola Idoia Mendia bigarren lehendakariordea, Josu Erkoreka lehen lehendakariordea, Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubideen idazkari nagusia, Monica Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria— , eta Gogora institutuan ordezkaritza duten legebitzarreko taldeak.

Urtero, biktimek tokia eta presentzia dute ekitaldian, baina, pandemiaren ondorioz, mugatu egin da gonbidatuen kopurua, eta streaming bidez ikusteko deia egin du Gogora-k. Dena den, bere lehen hitzetan, Aintzane Ezenarrok esker hitzak esan  dizkie Gogora institutuak urteotan egin dituen ekintzetan eta jardueretan parte hartu duten biktimei. «Haien elkarlanik gabe, ez genukeen gaur egin dugun bidea egingo», aipatu du.

Gazteen gogoetak 

Aurtengo ekitaldian gazteriari eman nahi izan zaio protagonismoa, eta, horretarako, Ainhize San Andresi eta Joanes Atxari eskatu zaie euren esperientziaren berri eman dezaten eta memoriaren eraikuntzan gazteriak egin dezakeenari buruzko gogoetak konta  ditzatela. Bi gazteok, egun, unibertsitateko ikasketak egiten ari dira, baina, duela bost urte inguru, euren ikastetxeetan bertatik bertara entzun zituzten biktimen testigantzak, Gogora institutuaren Adi-Adian programaren barruan.

Adibidez, San Andresek gogora ekarri du nola  Bilboko Begoñazpi ikastolan ETAren eta GALen biktimen lekukotasuna entzun zuten klasean: «Denbora asko iragan da geroztik, eta baliteke entzuteko plazera izan nuen pertsona haiek pentsatzea kontatutakoa ezerezean geratu dela, baina ez da horrela izan inondik ere». Gogoan du nola bi biktimek ikuspegi desberdina izanagatik azkenean emaitza bera helarazi zietela ikasleei: «Terrorismoak beren senitarteko batez gozatzeko aukera galarazi zien». San Andresi gogoangarria iruditu zitzaion biktima haiek urteetan erakutsitako erresilientzia, nola kontatzen zuten gertatutakoa natural, eta nolako bakea islatzen zen haien begiradan: «Zuei entzutera eseri, eta geure arazoek garrantzia galtzen dute, eta jabetzen gara zer gogorra izan zen euskal gizartearentzat hainbeste urtez horrela bizi behar izatea». Lekukotza haiek aberastu egin zituztela nabarmendu du.

Joanes Atxak azpimarratu du urruneko kontu gisa ikusten zituen haiek «gertuko eta erreal» bihurtu zitzaizkiola, eta, egitasmo haren helburu pedagogikoaz harago, aurrera begirakoaz egin nahi izan du gogoeta.  «Ez al gara pasibotasun honetan erosoegi bizi? Gure ingurukoei, irakasleei, senitartekoei biolentziari buruzko bizipenak konta diezazkiguten eskatu diegu, eta adi entzun ditugu, baina ez al da gazteok memoriaren eraikuntzan aktiboki parte hartzeko garaia?». Atxaren ustez, iraganekotik ikasi etorkizunean akats berberak ez errepikatzeko memoariaren baliagarritasunari buruzko teoria «aski ikasia» dute, baina «etorkizunari itxaroteak, etorriko den zerbaiten zain egoteak  apaldu egiten ditu gazteon esku hartzeko aukerak». Memorian idazten hasteko bide berriak arakatzen hasiak direlakoan dago, batez ere memoria euskal ikus-entzunezko eta fikzioarekin uztartzen dituzten proiektuak. «Gazteon ekintzailetza honen alde egiteko apustua egingo nuke. Zalantzarik gabe, gazteok proiektu hauetan sartzearen aldeko apustua, baina ezinbestekoa da inguruko elkarteen eta batez ere erakundeen babesa eta sustapena».

Legebiltzarrean, suontzia

Gauerdiko iparrotzarratza eskulturaren alboan dagoen suontzia piztu dute Eusko Legebiltzarraren atarian, Memoriaren Eguna dela eta. PP eta Vox ez beste alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute, baina, koronabirusa dela eta, ordezkaritza mugatua izan da. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea, mahaiko kideak, alderdietako bozeramaileak eta Beatriz Artozalabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte gaietarako sailburua izan dira bertan. Arrosa zuriak jarri dituzte, eta herritarrentzako atea ireki dute. 

Goizeko ekitaldian ere Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak gazteengan jarri du begirada. «Belaunaldi berriek herri honetan egon den indarkeria eta terrorismo historia ezagutzea nahi dugu. Etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dugu, iraganeko orrialde guztiak ondo irakurriz», ohar bidez adierazi duenez. Uste du inportantea dela hori «Iraganeko akatsak ez ahazteko, eta ez errepikatzeko». Halaber, interpretazioa osoa garrantzitsua dela uste du, «adiskidetzean aurrera egiteko».

Bestalde, Idoia Mendia Justizia sailburu eta PSE-EEko idazkari nagusiak ere mezu bat igorri du Memoriaren Egunaren harira. Uste du memoria behar dugula biktima guztiak berdinak direla onartzeko, indarkeriak ez duela ezertarako balio gogoratzeko eta gazteek gertatu dena ezagutzeko, «inork ez dezan jazarpena eta hilketa justifikatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.