Biden: «AEBak sendatzeko garaia da»

Wilmingtongo Chase Centerren hartu dute hitza Joe Biden presidente hautatu berriak eta AEBetako presidenteorde kargua izango duen lehen emakume afro-amerikarrak, Kamala Harrisek.

Kamala Harris eta Joe Biden, senideekin, Wilmigtonen eginiko agerraldian. JIM LO SCALZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 8a
03:30
Entzun

AEBetako historiako boto gehien jaso ostean, 74 milioi, Etxe Zurirako bidean da Joe Biden demokrata, eta harekin batera presidenteorde karguan izango den lehen emakumezko afro-amerikarra, Kamala Harris. Washingtonerako bidean, Wilmingtonen (Delaware) egin dute goizaldean lehen geldialdia, Chase Centerren. Han, presidente aukeratuaren lehen hitzak entzuteko zain zituzten milaka lagun.

Harris izan da hitza hartzen lehena. Presidenteorde aukeratuak eskerrak eman dizkie hautesleei «demokraziaren alde» borrokatzeagatik. «Mila esker inoiz baino jende gehiago ekartzeagatik prozesu demokratiko honetara. Borrokatzeagatik boto guztiak zenba zitzaten. Mila esker zuen ahotsak entzunarazteagatik. Mezu argia helarazi duzue, itxaropena, segurtasuna, eta azkenik egia aukeratu duzue», esan du Harrisek oihu eta txalo artean.

Presidenteorde aukeratuak eskerrak eman dizkie emakumeei «une historiko hau» posible izateagatik, eta nabarmendu du bera kargu horretan den lehen emakumea den arren ez dela azkena izango. «Gaur gauean ekitaldi hau ikusten ari den neska horrek jakingo du Amerika aukeren herrialdea dela, zure generoa edozein dela ere», aldarrikatu du.

Antzeko hitzak baliatu ditu Bidenek berak ere, baina afro-amerikarrei zuzenduta: «Herrialde honetan inork inoiz lortutako boto gehien eskuratu ditugu, 74 milioi, eta hori zuei esker da, hispano, asiar, zuri, gizon, emakume eta batez ere afro-amerikarrei esker, herri honen alde egin duzuelako».

Aurreko egunetako hitzaldietan egin bezala, azken honetan ere batasunerako eta elkarlanerako deia egin du buruzagi demokratak, eta errepublikanoei mintzatu zaie: «Garaia da hitz gogorrak alde batera utzi eta tentsioa jaisteko, elkarri begiratu eta elkar entzuteko. Gure aurkariak etsaitzat jotzeari uzti behar diogu. Trump presidentearen alde bozkatu duzuenok ez zarete gustura egongo. Badakit zer den hori. Nik ere galdu izan dut, baina orain eman diezaiogun aukera bat elkarri. AEBak sendatzeko garaia da».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.