Euskal Presoak

Etxerat: «Zerbait mugitzen ari da, baina ez behar bezainbeste»

Estremera, Sevilla eta Kordobako presoak bakartze moduluetatik atera dituztela jakinarazi du euskal presoen senideen elkarteak. A Lamako eta Jaengo presoak modulu bakarrean bildu dituzte, eta Sevillako ia gehienak ere bai. Elkarteak salatu du, halere, preso gehienek sakabanatuta eta urrun segitzen dutela.

Presoen alde irailean egindako protesta bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 6a
11:00
Entzun

Aldaketa batzuk bai, baina ez «nahikoa». Horixe ari da gertatzen Espainiako Estatuko kartzeletan, Etxerat euskal presoen senideen elkartearen ustez. «Hain urrun ez dauden espetxeetarako lekualdatzeen ildotik, bakartze moduluen anakronismoa eta espetxeen barruko sakabanatzea ere arintzen hasi dira», adierazi du elkarteak. Izan ere, presoen hurbiltzeez gain, bertze hainbat aldaketaren berri eman du elkarteak: Estremera, Sevilla eta Kordobako kartzeletan, erraterako, euskal presoak bakartze moduluetatik atera dituzte. Bertze aldaketa bat ere gertatu da A Laman eta Jaenen: euskal preso guztiak modulu berean elkartu dituzte —modulu ezberdinetan zeuden lehen—. Gauza bera egin dute Sevillan eta Puerto III espetxean, baina ez erabat: Sevillan preso bat bakarrik utzi dute, eta Puerto IIIn bertze bat.

Aldaketen ondoan, ordea, oraindik ere berdin segitzen duen aldea dago. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak nabarmendu duenez, izan ere, «beti dago nahiz eta bat»: Huelvan eta Soto del Realen, erraterako, bakartze moduluetan dauzkate oraindik euskal presoak; Estremera, Kordoba eta Sevillakoak bakartze modulutik atera arren oraindik lehen graduan dituzte; eta espetxe anitzetan ez daude preso guztiak modulu berean: «Espetxe gehienetan oraindik ere sakabanatuta daude presoak, zenbait modulutan banatuta», Errazkinen arabera. Puerto Ien, Granadan, Murtzia IIn, Villenan, Castello I eta IIn, Zueran, Soto del Realen, Dueñasen eta Mansillan gertatzen da hori.

Etxerat-ek gogoratu du, halaber, emakume preso askok «urteak» daramatzatela bakarrik espetxeetan, «kiderik gabe». «Ez da bakarrik espetxea ez dagoela emakumeentzako pentsatua. Bakartuenak ere haiek izaten dira», deitoratu du Errazkinek. Nabarmendu du egoera hori «bereziki luzatzen» ari da Algecirasen, Almerian, Huelvan, Kordoban, Granadan eta Teixeiron. Hainbat  gizonezko ere egoera horretan daude, salatu duenez:  zehazki Caceresen, Badajozen, Valdemoron, Foncalenten, Teruelen eta Ocaña I espetxean. Murtzia Ien ere «laster» gertatuko da hori, Etxerat-en arabera.

Elkartearen ustez, hortaz, espetxeetan «zerbait mugitzen ari da, baina ez behar bezainbeste, ezta behar den ausardiarekin ere». Errazkinek nabarmendu du «tentu handiz» ari direla baloratzen aldaketak: «Espero dezagun bide baten hasiera izatea, baina kontu handiz ari gara. Gero bestela ilusioa frustrazio bihurtzen da». Presoak «lehenbailehen» Euskal Herriratzeko eskatu du, eta «erdibideko urratsetan» ez gelditzeko: «Urruntzea amaitzeko garaia da; ez da distantzia erdira edo herenera hurbiltzeko garaia, Zaballara eramateko garaia baizik; 33 urteko zigor eta sufrimendu jarraitua amaitzeko garaia da».

Bisiten «ziurgabetasuna»

Asteburuaren atarian, «urduritasuna eta ziurgabetasuna» nabarmendu ditu Errazkinek. Izan ere, koronabirusaren ondorioz harturiko neurriekin are gehiago gogortu zaie senideei egoera, mugikortasuna mugatu eta bidaiak zaildu dizkielako. Errazkinek nabarmendu du Euskal Herritik hurbilago dauden presoei «berdin-berdin» eragiten diela horrek: «Lehendik sufrimendua sortzen bazuen urrunketak, orain are eta gehiago sortzen du, eta gertuago egoteak, nahiz eta istripuetako arriskua murriztu, ziurgabetasuna ez digu kentzen: bidaiatu ahal izango dugun, bisita egin ahal izango dugun, isun bat jasoko dugun… Sorian edo Algecirasen egonda berdin da, momentu honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.