Trump: «Legezko botoak zenbatuko balituzte, guk irabaziko genuke»

Agerraldi bana egin dute bi presidentegaiek egunean zehar, baina oso jarrera desberdinekin. «Pazientzia» eskatu die Bidenek jarraitzaileei; eta «iruzurra» egitea egotzi die Trumpek demokratei.

Donald Trump, ostegunean egindako agerraldian. CHRIS KLPONIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 6a
01:27
Entzun

Egunak aurrera doazen moduan, bi presidentegaien jarrerak ere aldenduz doaz. Joe Biden hautagai demokratak boto guztiak zenbatzearen alde egin du hasieratik, baita horrek gehiago itxarotea esan nahi badu ere. Asteazkenean eta ostegunean jendaurrean agertu zen Biden, eta bi agerraldietan «pazientzia» eskatu zien hautesleei, eta nabarmendu demokrazia «batzuetan nahasgarria» izan badaiteke ere «beharrezkoa» dela boto guztiak zenbatzea.

Aldiz, Donald Trump presidente eta errepublikanoen hautagaiak «ustelkeria» eta «iruzurra» egotzi die demokratei, eta salatu du «legezko botoak bakarrik» zenbatuko balituzte dagoeneko bera litzatekeela irabazlea. Agerraldia hasi denetik amaitu den arte, gogor aritu da Trump, bai demokraten aurka eta bai hauteskunde egunaren ostean zenbaketa guneetara iritsitako botoak zenbatzea erabaki duten estatuen aurka —boto horiek hauteskunde egunaren amaierarako postetxeetan zeuden, baina langileek ezin izan zioten lan kargari aurre egin, eta, ondorioz, asteartea pasatu ondoren eraman zituzten kontaketa guneetara—.

Estatuburu errepublikanoaren esanetan, «legez kanpoko botoak» zenbatzen ari dira aipatu estatu horietan, «hauteskundeak lapurtzeko asmoz». Presidentegaiaren arabera, demokraten esku daude estatu horietan boto zenbaketaz arduratzen diren instituzioak, eta horiek baliatzen ari dira «iruzurra» egiteko: «Sekula ez dira hauteskunde batzuetako emaitzak horrenbeste atzeratu. Botoak zenbatzeke geratzen diren estatu horietan demokratak daude ardura karguetan. Guztietan ari ginen irabazten, eta, orain, harrigarriki, tarteak txikitzen ari dira». Georgiako adibidea jarri du estatuburuak, non, haren arabera, hasieran 300.000 botoren aldea zuten, eta «demokraten esku hartzearen ondoren», 10.000 botorena izango litzatekeen Biden.

Demokratek «komunikabide handien eta diru emaile aberatsen» babesa dutela ere nabarmendu du, eta adierazi eurak direla «langileen alderdia». Trumpen arabera, demokratek jakin badakite zenbat boto behar dituzten. «Botoak ezerezetik agertzen ari dira, eta modu harrigarrian, guztiak dira demokraten aldekoak. Posta bidezko botoak gure sistema hondatu du, ustela da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.