Eusko Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak ixteko agindu du, eta etxeratze agindua 22:00etara aurreratu

Denda guztiak 21:00etarako itxi beharko dituzte, farmaziak eta gasolindegiak izan ezik. Kultur ekitaldiek 21:00ak baino lehen bukatu beharko dute. Neurriak larunbatean sartuko dira indarrean. Transmisio komunitarioa eten ezean, «beste konfinamendu batera kondenatuta» egongo dira herritarrak, Urkullu lehendakariaren hitzetan.

jarraia189333.jpg
Lander Muñagorri Garmendia - Andoni Imaz
2020ko azaroaren 5a
19:56
Entzun

Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristea, eta etxeko itxialdia saihestea. Hori da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren oraingo nahia, eta, horretarako, urriaren 26tik indarrean dauden murrizketak zorroztu dituzte. Ostalaritzako lokal denak itxiko dituzte, eta etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara ezarri. Establezimendu  orok, berriz, 21:00etatik aurrera itxita egon beharko du, farmaziak eta gasolindegiak izan ezik. Neurriak azaro osoan egongo dira indarrean, eta hamabostean behin aztertuko dute hartutako neurriek zenbaterainoko eragina izaten ari diren.

«Birusaren transmisio komunitarioa gero eta handiagoa da, eta egoera gero eta kezkagarriagoa da», Urkulluren hitzetan. Adierazi du ospitaleek ez dutela «kolapsatzeko» arriskurik oraingoz, baina dagoeneko«saturazioa» mehatxu bat dela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseilua bat etorri dira neurri murriztaile gehiago ezartzeko orduan.

Bertan behera utziko dituzte taldeen entseguak eta musika, ahots edo dantza ikuskizun ez-profesionalak, baita taldeko kirol jarduerak ere, lehiaketa profesional eta erdi profesionalak salbu. Kirol ekitaldietara joatea ere debekatu dute.

Kiroldegietako saioek jarraitzeko baimena izango dute, maskara jantziz gero, eta gehienez sei laguneko taldeetan. Eskola kirola ere bertan behera utziko dute.

22:30etik aurrera ezingo da garraio publikoan irten lurralde bakoitzetik, orduan etengo baitute jarduna.

Urrian hasi ziren datuak atzera makurtzen, eta grafikoetako maldak goratzen. Nafarroan lehenengo, eta Gipuzkoan ondoren. Duela hilabete, urriaren 5ean, Gipuzkoak 100.000 biztanleko 278ko tasa zuen positiboetan; gaur, 1.032. Orduan, 120 positibo inguru atzematen zituzten egunean; gaur, 671. Atzetik doaz Araba eta Bizkaia. Urriaren erdialdean hasi ziren datuak okertzen, eta kasu positiboak ugaritzen ari dira.

Nafarroako Gobernuak duela bi aste pasa ezarri zituen neurri murriztaileak, eta beste bi asterako luzatu zituzten herenegun. Herritarrei aholkatzen diete etxe bereko kideekin elkartzeko soilik, bilkurek gehienez sei lagunekoak izan behar dute nahitaez, ezin dira Nafarroatik irten, eta tabernak itxita daude. Pixkanaka bada ere, beheratzen ari da COVID-19aren transmisioa. Javier Remirez gobernuko presidenteordeak adierazi zuen neurrien eragina nabaritzen hasi direla: «Datuak itxaropentsuak dira», haren hitzetan. Aste honetan, intzidentzia tasa apaltzen ari da egunez egun, eta aurreko asteetan baino positibo gutxiago atzematen dituzte, nahiz eta atzotik gaurra gorakada bat izan den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.