EUSKAL PRESOAK

Natividad Jauregi Espainiaratzea onartu du Ganteko Auzitegiak

Abokatuak jakinarazi du helegitea jarriko dutela Kasazio Auzitegian. Aurrez Estrasburgok onartua zuen Espainiaratzea.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2017an onartu zuen estradizioa. PATRICK SEEGER / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 5a
14:57
Entzun

Ganteko Auzitegiak (Belgika) Natividad Jauregi Espainiaratzea onartu du, ETAko kide gisa 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatuta, bertzeak bertze. Paul Bekaert abokatuak jakinarazi du Kasazio Auzitegira joko dutela: «Erabakia ez da behin betikoa». Ez dute helegitea aztertuko duten eguna jakinarazi, baina «hemendik aste batzuetara» izan daitekeela erran du abokatuak.

Ez da Jauregi Espainiaratzeko eskatzen duten lehen aldia. 2004an, 2005ean eta 2015ean Belgikako justiziak Espainiaratzeari uko egin zion iritzita Espainiak Jauregiren giza eskubideak urra zitzakeela. Romeoren senideek helegitea jarri zuten, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak onartu egin zuen Espainiaratzea, Belgikako justiziari leporatuta ez zuela modu osoan aztertu arrisku hori, ezta Espainiak eskaturiko euroaginduak ere. Belgikak kalte-ordaina eman behar izan zion Romeoren sendiari, eta Ganteko Auzitegiak orduan gibelera botatako estradizio eskaera berraztertu du orain: Jauregi Espainiaratzea onartu dute.

2016an atxilotu zuten Jauregi azkeneko aldiz, Belgikan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz, baina segidan utzi zuten aske berriro. Aurretik 2013an ere atxilotu zuten. Bizitza arrunta egiten zuen Belgikan ordurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.