BIZIKIDETZA

'Bizikidetza eraikitzeko konpromiso soziala' dinamika osasun egoerara egokituko dute

Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi du elkarrizketa eta bileren formatua egokituko dutela, baina helburuak «berberak» izanen direla. «Bizikidetza demokratikoaz» eztabaidatu nahi dute orain arte harremanik eduki ez duten eragileekin.

Aitzpea Leizola eta Mikel Casado, joan den urrian 17an, dinamikaren aurkezpenean, Aieteko jauregian. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 5a
13:06
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak urriaren 17an iragarri zuen Bizikidetza eraikitzeko konpromiso soziala dinamika martxan jarriko zuela, eta gaur jakinarazi du eutsi eginen diola dinamikari, osasun egoerara egokitu beharko badu ere: «Formatua egokituko da, baina helburuak berberak dira».

2021eko maiatzaren 16ra arte hainbat eragilerekin «bizikidetza demokratikoaz» eztabaidatzea dute asmoa, hau da, «bizikidetza demokratikoa ulertzeko moduei buruzko eztabaida irekiak izatea, eta ekarpenak eta ikuspegiak jasotzea orain arte foroa harremanetan egon ez den eragile sozialekin». Horri eutsi eginen diote, «jarduteko era» aldatuta, eta jakinarazi dute horretan hasi baino lehen foroa bera osatzen duten hamasei erakundeen «sentsazioak errepasatzen» hasiak direla.

«Ez errepikatzeko bermeak» ezartzea da foroak sustaturiko dinamikaren helburua, eta bi «erronka» jarri dituzte bide horretan: «Pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuko dituen esparru sozial bat izatea» eta «belaunaldi berriei elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren kultura transmititzea, XXI. mendean gatazkak konpontzeko tresna bakarra delakoan». Helburu horien barnean dituzte, bertzeak bertze, biktima guztien mina aitortzea eta «motibazio politikoko delituengatik» preso edo ihesean daudenei «behin betiko konponbidea» ematea eta «birgizarteratzea».

Oroitarazi dute, halaber, «erakunde demokratikoen» eta «gizartea osatzen dugun pertsona guztien erantzukizuna» dela bizikidetza demokratikoa eraikitzea: «Argi dago herri honi buruzko ikuspegi desberdinak daudela eta iragana kontatu behar dela, eta kontakizun guztiak entzun eta errespetatu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.