EAJk Espainiako Kongresuan duen ordezkaritza ez da bilduko gaur Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroarekin. Monterok Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin bilera sorta bat hasi du. Halere, aurrekontuei ez diela osoko zuzenketarik aurkeztuko jakinarazi du EAJk, ohar bidez. Azaldu du horrek ez duela esan nahi aurrekontuak babestuko dituenik, baina «jarrera propositiboarekin eta akordiorako borondatearekin» negoziatzen ari direla baieztatu du.
EAJren helburua da COVID-19ak eragindako egoera ekonomiko eta sozial zailarekin «bat datozen» aurrekontuak adostea, Batetik, aurrekontu proposamenean partekatzen ez dituen zenbait puntu negoziatuta; eta, bestetik, «Euskadirako kontuak hobetzeko diru sailak gehitzea» negoziatuta, ohar bidez adierazi duenez.
EH Bilduk, aldiz, parte hartuko du bileretan. Mertxe Aizpurua diputatua biltzekoa da gaur, 18:00etan, Maria Jesus Montero Ogasun ministroarekin eta Nacho Alvarez Eskubide Sozialen Estatu idazkariarekin.