Botoak zenbatzeko prozesu luze eta motel baten ondoren, erabakita dago dagoeneko: Joe Biden Alderdi Demokratako hautagaiak 306 ordezkari lortu ditu Ameriketako Estatu Batuetako presidente aukeratzeko lehian, hau da, behar diren 270 ahots baino 36 gehiago. Donald Trump errepublikanoa 232 baino ez ditu, behar baino zortzi gutxiago.
Abenduaren 14an bilduko dira hautaturiko ordezkariak, irabazlea nor den ofizialki ebasteko, eta urtarrilaren 20an izendatuko dute Biden presidente gisa.
Azaroaren 3an zabaldu zituzten boto kutxak AEBetan, eta geroztik begirada guztiak erabakigarriak ziren estatuetan egon dira jarrita. Izan ere, AEBetan estatu bakoitzak ordezkari kopuru bat aukeratzen du, gero haiek presidentea hautatzeko. «Borrokagune estatuak» deituriko horietan erabaki dira bozak, azkenean. Hamahiru dira guztira, eta poliki, horietako gehienak, hau da, zortzi Bidenen esku geratu dira. Trumpek Florida, Iowa, Ipar Karolina, Ohio eta Texas eraman ditu. Nekazari giroko Iowan ia hamar puntu atera dizkio Bideni (138.733 boto). Baina beste estatuetan askoz estuagoa izan da lehia: Floridan, hiru puntu eskasera geratu da demokrata, nahiz eta 372.070 boto gutxiago atera.
Bidenek, ordea, tarte txikiak atera dizkio Trumpi, baina, esan bezala, estatu gehiagotan. Arizonan, esaterako 11.000 botoren abantaila baino ez du lortu demokratak, hau da, puntu baten hiru hamarrekora; Georgian 14.000, hor ere, tarte berdinarekin, Nevadan, 34.000.
Michiganen eta Winsconsin hasi zen ikusten Bidenek irabaziko zuela azkenean. Lehenengo estatuan, azkenean, 147.398 boto atera dizkio Trumpi, eta, bigarrenean, 20.546 baino ez.
Posta bideko botoak gako izan dira Estatu horietan. Pennsylvanian esatera, botoen %75 zenbatuta zegoenean, 11,5 puntuko aldea zuen Donald Trump AEBetako presidente eta hautagai errepublikanoak, baina, azkenean, 68.000 boto atera dizkio Bidenek.
Estatu gehienetan botoen %99 zenbatuak dituzte dagoeneko. Badira %99tik behera dauden estatuak: Kalifornia, Ilinois, Iowa, Kentucky, Maine, Maryland, Massachusetts, New Jersey, New York, Ohio, Oregon, Vermont eta Washington. Baina, horietan ere, zenbaturiko botoen ehunekoak oso handiak dira, eta ez dago aukerarik falta direnek emaitza aldatzeko.