COVID-19aren eta alarma egoeraren ondorioz ezarritako neurri murriztaileek bete-betean eragin diete euskal presoen senideei. Etxerat-ek eta Sarek eman dute asteburuko bisiten egoeraren argazkia: bederatzi senideri espedienteak ireki dizkiete «perimetroa itxita daukaten lurraldeak zeharkatzeagatik», eta bertze senide bat bisitarik gabe gelditu da, alarma egoeraren ondorioz. Espedienteak jaso dituztenak Cadizko Puerto I, Puerto III espetxeetara (Andaluzia, Espainia, 1.010 kilometro) eta Avilara (Espainia, 455 kilometro) joandako senideak dira. Teruelen dagoen preso baten senidea (Espainia, 430 kilometro) da bisitarik gabe gelditu dena.
Sarek eta Etxerat-ek ohartarazi dute «inork» ez duela «konfinamendurik hautsi»: «Senideek bidaia egiteko arrazoi justifikatuak frogatzen zituzten agiriak eraman dituzte: bisita baimenduen egiaztagiria eta, gainera, ondoren, bisita egin izanaren egiaztagiria, ia espetxe guztietan emana». Presoen senideen elkarteak eta presoen aldeko mugimenduak oroitarazi dute Espainiako Estatuan dauden euskal presoak Euskal Herriko kartzeletan baleude ez litzatekeela horrelakorik gertatuko: «Gaur egun, 187 presotik 170 baino gehiago EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetan daude. Euskal presoen senide eta hurbilekoak egoera hau bizitzera behartzen dituzte».
Egoera «jasanezina»
Sarek eta Etxerat-ek gogoratu dutenez, hamar hilabete igaro dira jada Espainiako Estatuko kartzeletan komunikazioak «eten edo murriztu» zituztenetik. Frantziako Espetxeetan gertatzen dena ere «zaila» dela salatu dute, eta, orokorrean, «jasanezina» dela egoera, «euskal presoek eta haien senideek etengabe ziurgabetasuna jasaten baitute».
Presoak «lehenbailehen» Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute, «gero eta handiagoak baitira kartzelatutako pertsonek eta haien familiek jasaten dituzten urruntzearen ondorio konponezinak».