AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, Iñaki Bilbao euskal presoak eten egin du atzo arte egin duen gose eta komunikazio greba. 50 egunez eutsi dio protestaldiari; azken egunetan Puerto de Santa Mariako erietxean (Espainia) eduki dute, eta bere borondatearen kontra elikatu dute zunda baten bidez. Atzo erietxetik espetxeko eritegira eraman zuten, eta han zegoela erabaki zuen protesta bertan behera uztea. Jogurt bat eta zopa apur bat hartu zuen.
AEMk esandakoaren arabera, Bilbaorekin hitz egiterik izan zuten gertukoek adierazi dute presoa «ahul» zegoela, baina «tinko eta buruargi» era berean. Bilbaok azaldu zien greba utziagatik ere borroka ez dela «amaitu».
Irailaren 9an ekin zion Iñaki Bilbao Goikoetxeak gose eta komunikazio grebari, «independentzia eta sozialismoaren alde». Geroztik, hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herrian presoari elkartasuna adierazteko, eta biharko ere manifestazio eta elkarretaratzeetara deitu du AEMk.