Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak (Nafarroa), osoko bilkuran. Aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013 eta 2015 bitartean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea.
Duela bi legegintzaldi, EH Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea eta euren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioen zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenestea «diskriminatzailea» zela iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Bozketan Geroa Bai abstenitu egin da.
Ladis Satrustegi alkateak adierazi duenez, Ueman sartzeko erabakia hartu dute aukera ematen duelako «udaletik soilik bideratu ezin diren euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak egiteko». Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera.
Lesaka Uemako 88. udalerria izango da, eta, herri guztiak batuta, 250.000 biztanleko eremu euskalduna osatzen du Uemak