Amaitu du gose greba Jose Mari Lejardi Gabixola-k. Guztira, 99 egun pasatu ditu ezer jan gabe Iruña-Veleiako aztarnategiko piezei proba gehiago egiteko eskatuz, eta gaur eman du amaitutzat protesta. Datozen hilabeteetan da Arabako Aldundia aztarnategirako hurrengo plana prestatzen hastekoa, eta ikerketa arkeologikoei berrekitea da asmoa. Hain zuzen ere, Ana del Val kultur diputatuarekin izandako bilkuran plan berriari buruzko azalpenak entzun ondoren erabaki du Lejardik protesta etetea. «Egoera berrian konfiantza eduki arren, beti egongo gara erne». Ohar baten bidez zabaldu dituzte erabakiari buruzko nondik norakoak grebalariak eta hareki bat egin dutenek. «Borroka adoretsuari esker, osasuna eta bizitza arriskuan jarriz, Iruña-Veleia desagertzea nahi dutenak garaituak izan dira».
Uztailaren 23an bost pertsonak hasi zuten greba, baina Lejardi izan da ordutik grebari modu jarraituan eutsi dion bakarra. Voxekin salbu, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariekin eta beste hainbat eragilerekin bilerak egiten aritu dira azken asteetan. Grebalarien hitzetan, talde guztiek onartu diete Iruña-Veleiako auzia zientziaren bidez ebatzi behar dela. Nahiz eta, zehaztu dutenez, inork ez duen «lehen urratsa» egin nahi izan. Aldundiko kultur diputatuarekin izandako bilkurak desblokeatu du egoera, ordea. Grebalariek esandakoaren arabera, plangintza «arrazoituagoa» egin nahi duelako aldundiak aztarnategirako, eta aztertu ez diren grafitoak gorde eta aztertzeko asmoa adierazi dietelako. Indusketak zuzentzeko arkeologo independente bat kontratatzeko asmoa duela ere helarazi zietela diote grebalariek.
Aztarnategirako plan berria
Berez, 2020an amaitzen da orain arte aztarnategiko lanak gidatu dituen plana, eta berria martxan jartzea da aldundiaren asmoa. Koronabirusak moteldu egin du prozesua, ordea.
Aldundiko iturriek BERRIAri baieztatu diote bilkura egin egin zela, eta esan dute herritarren eskariak jasotzeko asmoa dutela eta, ondorioz, Lejardik helarazitako eskariak ere kontuan hartuko dituztela. Aldundiak berez, abendurako aztertu nahi zituen aztarnategia gidatu duen 2010-2020 kanpainari buruzko ondorioak, baina atzeratuta dago gaia, pandemiaren eraginez, eta behin eztabaida hori eduki eta gero hasiko dira hurrengo plana diseinatzeko urratsak egiten. Oraingoz, ez dago planak izango dituen nondik norakoei buruzko zehaztasun gehiago, baina, edonola ere, aldundiko iturriek nabarmendu dutenez, Iruña-Veleiako aztarnategiaren «ondare balio ikaragarria» sustatzea izango dute helburu.
Kritikak EHUri
2006an aurkeztu zituen Lurmen enpresak Iruña-Velaiako aztarnategian topatutako piezak, eta ordutik dator soka. Euskararen, kristautasunaren hedapenari eta antzinateari buruzko ordura arteko ikuspegia eraldatzen zuten aurkikuntzek, eta berehala mesfidantza sortu zuten hainbat zirkulu akademikotan. Eliseo Gilen enpresari aztarnategiaren ustiaketa kentzea erabaki zuen Arabako Aldundiak 2008an, gaia aztertzeko batzorde zientifiko bat antolatu ostean. Salaketa ere jarri zuen aldundiak Gilen eta beste bi kolaboratzaileren aurka, eta, Gasteizko Zigor Epaitegiak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gili, iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarea hondatzeagatik.
Denbora honetan guztian Iruña-Veleiari buruzko arreta piztuta mantentzeko egin den lana nabarmendu dute grebalariek. Haien hitzetan, «bultzada erabakigarria» izan dira 99 eguneko gose greba eta herritarrek egindako «interpelazio kanpaina indartsua». Aldundiak Lurmen kanporatu ostean Euskal Herriko Unibertsitateak aztarnategiaren egindako lana ere kritikatu dute. Hondeamakina batekin hamabost egunez 1,5 metroko sakoneran «legez kanpo» egindako zulaketa da 12 urtean egin duten «gauza nabarmen bakarra».