Txibite: «Udazkena eta negua oso zailak izango dira»

Politika orokorreko osoko bilkura dute Nafarroako Parlamentuan, eta COVID-19arn «erronka historikoak zipriztindutako» diskurtsoa egin du Txibitek, hilabeteotako gobernuaren kudeaketa laburbiltzerakoan

Maria Txibite lehendakaria eta Javier Remirez lehendakariordea, Nafarroako Parlamentura iristear. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2020ko urriaren 29a
11:26
Entzun

Hitzaldiari aurre egin aurretik, zizpuru bat atera zaio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Ez soilik hitzaldi luzea zuelako aurrean. «Urte hau COVID-19ak markatu du. Erronka historiko bati aurre egin diogu, eta ondorio ekonomiko eta sozial handia izan du». Ezinbestean, COVID-19ak «zipriztindutako» diskurtsoa izan da, eta lehen hitzetan hilabeteotan guztiotan hildako 695 herritarrak eta haien senideak izan ditu gogoan. Pandemiari aurre egiten diharduten profesionalei ere esker ona adierazi die, baita parlamentuan aurkeztutako zortzi dekretuak aho batez onartu dituzten taldeei ere. 

Dena den, koronabirusaren transmisioak ez du etenik. «Uda lasaiagoa espero genuen, baina aisialdiak eta ospakizunek ez dute utzi. Udazkena eta negua oso zailak izango dira. Birusa aurrera doa, eta horri osasuneko profesionalen eta herritarren nekea gaineratu behar zaio. Sendo eutsi behar diogu», ohartarazi du, eta gaineratu du politika publikoetan erresilientzia kontzeptua indartu beharko dela. Garai zailak izan arren, neurrien eta proiektuen bidez gizarteari itxaropena eman behar zaiola azpimarratu du, eta horregatik beste toki batzuetako konfrontamendu politikoak gaitzetsi ditu: «Eraikitzaileak ez diren jarrerok min egiten diete politikari eta erakundeei, ez bailukete arazo bat izan behar, konponbidea baizik. Birusak ez du ideologiarik, gobernu ororen aurkari da, duten kolore politikoa dutela. Uler dezagun krisiaren esanahia. Etorkizuna dago jokoan, baita belaunaldi honi aurre egitea egokitu zaion orainaldi hau ere». 

Eguneko datuak aurreratu ditu Txibitek. 552 positibo atzeman dituzte, egindako PCR eta antigeno proben %12. Ospitaleetan 369 pertsona daude, horietatik 50 larrialdietan, azkeneko bi egunetan bezala.

Orain arte, 60 milioi 

Txibiteren esanetan, pandemia «shock bat» izan da, baina lehen olatua gogorra izanagatik, osasun sistemak «eutsi egin zion eta bere ahalmena erakutsi zuen». Gaur-gaurkoz, martxotik hona, 60 milioi euro erabili dira osasun sistema sendotzeko. 

Izurriari aurre egiterako orduan, osasun arloan hiru ardatz nagusi dituzte. Bata aztarnarien zaintza lana litzateke: egun 4.000 proba inguru egiten dira, eta azaroaren 2rako antigeno probak helduko dira osasun etxe guztietara. Txibitek azaldu du atzemandako kasu positiboetako asko detektatzeko gai direla (azken txosten epidemiologikoaren arabera, hamarretik sei). Halaber, ez dute nahi pandemiak ospitaleen ohiko jarduera baldintzatzea, nahiz eta jadanik lehentasunezko ebakuntza batzuk eten diren. Azkenik, Europako Batasuneko Next Generation planaren barruan, osasunean inbertitzen jarraitzeko asmoa dute batik bat teknologiaren hobekuntzan, «orain arte inbertsio handia egin bada ere».

Aurreratu du datorren astean Nafarroako Gobernuak onartuko duen 2021eko aurrekontuaren aurreproiektuan lehen arretako osasun etxeetan inbertitzeko asmoa dutela. Aurrekontuari begira, gastu muga 208 milioi euro handituko du, aurten baino %5 gehiago. Barne produktu gordinean, %9 eta %10,2 arteko atzeraldia espero du urte honetarako, eta datorren urtean %6,5-%7,2 haztea aurreikusten du. Oraingoz, zerga bidez 2.517 milioi euro inguru bildu ditu, iaz baino %9,7 gutxiago. Asteazkenean aurreratu bezala, Europako Batasuneko Next Generation programari begira, 125 proiektu aurkeztuko dituzte, 2026ra begira. Txibiteren esanetan, proiektu «anbiziotsuak» dira, eta 3.800 millioi euroko finantzaketa beharko dute.

Halaber, nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa «iraunkorra» duela, eta lorpenen artean jarri du urte honetarako BPGaren %2,6ko defizit helburua eta 2021erako %2,2koa izateko akordioa. Bi gobernuek aurrean dituzten gaien artean daude trafiko eskumenen lekualdaketa eta 2020-2024 epeko ekarpenaren kalkulua. Trafikoaren kasuan, «kronograma» zehaztuta daute, eta transferentzia horri aurre egiteko beharko diren foruzainez gain, oro har Foruzaingoak 2.500 polizia izateko asmoa azaldu du (2016an 1.060 zeuden).

Ordubete eta 45 minutu iraun duen hitzaldian, departamenduz departamendu politika publikoei errepasoa egin die Txibitek. Nabarmendu beharreko kontuen artean, Hezkuntza dago. Txibiteren arloan, klase presentzialei eman diete lehentasuna, eta 47 milioi euro erabili dituzte ikasturtea prestatzeko, hari begira 600dik gora irakasle kontratatu baitira.

Esparzaren eskaintza Txibiteri

Bere txanda iritsita, Navarra Sumako eledun Javier Esparzak ideia orokor bat zabaldu nahi izan du: PSNk uko egin diela bere politikei eta iragan legealdiko polikekin jarraitzen duela. «Presidente zara, baina ez zara liderra». Haren irudiko, politika nazionalistekin jarraitzen du Txibitek, eta ez du egiten bere bazkideekin ezadostasunik izateko moduko ezer. «Nafarroa da galtzailea».

Bereziki kritiko agertu da EH Bilduren «besoetan erori delako». «Politika nazionalistekin jarraitzen duzu, eta zu ari zara higatzen. Haiei loteria egokitu zaie, haien helburua baita solaskide politiko izatea». EH Bildurekin negoziatzen uztearen truke, aurrekontuetan abstentzioa eskaini dio berriz. «Elkarrizketa EH Bilduri soilik eskaintzen diozu, eta gure ekarpenen aurka bozkatu duzu. Guk jarrera kritikoa dugu, baina proposamenak egin ditugu, batzuetan merezi ez arren. Eskua luzatuta jarraitzen dugu». EH Bildurekin negoziatzeari uztearen truke, eskaini dio «egonkortasuna eta akordioetara heltzea» arlo hauetan: osasuna, zergak, enplegua, EBko laguntzak, elkarbizitza eta aukera berdintasuna.

Hori esan aurretik, oso kritiko azaldu da koronabirusaren kudeaketa «negargarriarekin». Haren hitzetan, atzean geratu dira koronabirusari aurrea hartzeko garaian. Besteak beste, gogorarazi dio ez dela egiten nahikoa PCR, eta ikasturte hasiera eta zahar etxeetako egoera «kaos bat» direla deritzo. Neurriak berandu hartu direla uste du, eta abuztuaren 28rako jada oso intzidentzia txarra zuela lurraldeak. 

EH Bildu: «Burujabetzaren beharra dago»

EH Bilduko Bakartxo Ruizek ordu erditik 20 minutu euskaraz egin ditu, eta lehenik eta behin harrituta agertu da Txibitek diskurtsoan ez diolako Osasun Departamenturi behar besteko garrantzia eman. Dena den, ziurtatu dio Navarra Sumaren aldean «beste tonu eta eduki bat» izango duela bere hitzaldiak. Osasun arloan, haren hitzetan, «egoera epidemiologikoa oso zaila da. Zenbaki hotzak dira, baina hotzikara eragiten digute kutsatze tasak eta ospitaleratzeak begiratzean». Haren ustez, erabakiak berandu hartu dira, eta baliabideak jartzerakoan ahalegin handiagoa egin behar da. Adibidez, Alemaniako batezbestekora iristeko, arakatzaile kopurua «bost bider» handitu beharko litzateke.

Nabarmendu du halako eztabaidetan egoera zail honetan ardura nork nori egotziko dela auzia, baina gogora ekarri du azken hamarkadan ezarri diren politikek ere eragin dutela, bai osasun arloko pribatizazioek eta murrizketek, bai 2008ko finantza krisiko neurriek eta lan erreformak. Ruizek gogoratu du, era berean, burujabetzaren beharra agerian geratu dela egunotan. «Zaila da kudeaketa eraginkorra egitea epaitegien eta Madrilen mende bagaude. Badirudi zenbaitek agerian utzi nahi zutela alarma egoera gabe ezin direla erabakiak hartu».

Osasun sistema sendotzerakoan eta ondorioei aurre egiterakoan, finantzaketa gakoa dela uste du. Eztabaida nagusia zerga arloan dagoela deritzo, eta kritikatu du eskuinaren errezeta izatea zergak jaistea, horrek luzarora murrizketak ekarriko dituelako, 2011 eta 2015eko legealdian egin zen bezala. «Ez dute balio aurreko errezetek. Esaten da denok batera arraun egin behar dugula, baina zer norabidetan? Navarra Sumaren norabidean bada, gu ez gara hor egongo», ohartarazi du. Javier Esparzari erantzun dio iraganeko politika moldeetara itzuli nahi dutela, eta etsian ari direla. «Voxi buruz galdetzen dizutenean, Nafarroan ez duela ordezkaririk diozu. Ez du ordezkaririk, baina badu ahotsa».

Barkos: «Inertziarik ez»

Geroa Baiko Uxue Barkosek hitzaldia hasi du Jose Mujica Urugaiko presidente ohiak zientzia askatasunaren definizioaren inguruan egindako gogoetarekin: «Askatasuna existitzen da desioei eta zaletasunei jarraitzea bada, eta ez da existitzen zaletasun eta desio horiek sortzeko». Mujikak zioen zientziak askatasunaren definizioa aldatzera behartu duela. Barkosek gogoeta hori ekarri du pandemiari aurre egiterakoan ahalegin bateratua eskatzeko, eta krisialditik ateratzeko beharrezko jo du egungo eredua eraldatzea, «okerrak ez errepikatzeko».

Barkosek gogora ekarri du Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek garrantzia eman diela muga arteko lankidetzei, eta, alde horretatik, nabarmendu du iragan legealdian euroeskualdearen alde egindako apustuak «toki onean» utzi duela Nafarroa. Era berean, aste honetan Next Generation planaren diru banaketan erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera telematikoa izan da. Dirua biztanle kopuruaren edo BPGaren arabera banatuko balitz «albiste txarra» litzatekeela deritzo. Defenditu du laguntza horietan enpresa txiki eta ertainak aintzat hartzea eta itun berdeko politikak lehenestea, hori baita EBren programaren helburua: trantsizio ekologikoa. Halaber, premiatu egin du gobernua Klima Aldaketaren legearen aurreproiektua lehenbailehen aurkeztera.

Kezkatuta agertu da Esparzak Txibiteri egindako eskaintzarekin. «Benetan onartu behar dituzu Geroa Bairen, PSNren eta Ahal Dugu-ren aurrekontu batzuk?». Autogobernuaren defentsa egiteko eskatu dio Txibiteri, eta ohartarazi dio Espainiako Gobernuaren inertziari ez jarraitzeko. «Inertziarik gabeko politika egitea eskatzen dugu, Madrilen gorabeheren menpe geratu gabe». Txibiteri gogorarazi dio trafikoaren eskumena oraindik ez dela itzuli. Eskuinari leporatu dio Madrilen bilatzen ari dela Nafarroako politika baldintzatzen, «bertako gehiengoak erabakitakoaren kontra inposatu nahian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.