Bi euskal preso Euskal Herriratu eta beste sei gerturatzearen aldeko erabakia hartu du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak: Jose Antonio Borde Gaztelumendi, Ibai eta Mikel Xabier Ayensa Laborda, Itziar Alberdi, Juan Jesus Narvaez, Karmelo Lauzirika, Jose Juan Garcia Gonzalez eta Aitor Esnaola Dorronsoro dira. Horiekin, 85 dira Pedro Sanchez Espainiako presidente denetik gerturatu edo Euskal Herriratu dituzten euskal presoak. Orain arte batera argitaratu duten mugimendu kopururik handiena da gaurkoa.
Lauzirika eta Garcia Gonzalez dira Euskal Herrira ekarriko dituzten bakarrak, Zaballako espetxera (Araba). Gainontzekoak inguruko presondegietara mugituko dituzte. Ayensa Laborda anaiak, eta Narvaez eta Alberdi Logroñora (Errioxa) gerturatuko dituzte. Lehen biak, Lugotik (Galizia), eta beste biak, Estremeratik (Madril). Esnaola, berriz, Ocañatik (Gaztela-Mantxa) Soriara (Gaztela eta Leon) mugituko dute, eta Borde Gaztelumendi Coruñatik (Galizia) espetxe berera.