Alarma egoera ezartzeko eskatu du Txibitek ere

Urkulluk eskaera ofiziala egin dio Espainiako Gobernuari, bi arrazoi aipatuta: egoera okerrera doala eta neurri gehiago behar direla, baina Jaurlaritza mugatuta dagoela neurriak hartzeko. Jaurlaritzaren atzetik, Nafarroako Gobernuak egin du eskaera bera. Alarma egoera ezarrita ere, agintea erkidegoek izatea eskatu dute Urkulluk eta Txibitek.

Txibite, aste hasieran eginiko agerraldian. JESúS DIGES / EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urriaren 23a
14:24
Entzun

Alarma egoera ezartzeko eskaera egin diote Hego Euskal Herriko bi gobernuek Espainiako Gobernuari. Eusko Jaurlaritzak arratsalde hasieran bidali dio eskaera Pedro Sanchez presidenteari, alarma egoera ezarri eta horren bidez aukera eman dezan koronabirusaren aurkako neurri irmoagoak ezartzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du, eta bi arrazoibide eman ditu: batetik, egoera okertzen ari dela eta neurri gehiago hartu beharra dagoela; bestetik, Jaurlaritzak lege aldetik arazoak dituela neurrietan urrats gehiago egiteko. Urkulluren ondoren, beste erkidego batzuek ere egin diote eskaera bera Espainiako Gobernuari, eta iluntzean Nafarroako Gobernuaren eskaera iritsi da: alarma egoera ezartzea galdegin dio Maria Txibite lehendakariak.

Udaberrian alarma egoera ezarri zutenean, Espainiako Gobernuak bere gain hartu zuen agintea. Oraingoan, ordea, erkidegoen eskumenak errespetatzeko eskaera egin du Urkulluk: alarma egoera ezarri bai, beste neurri batzuetarako atea ireki bai, baina Madrilek ez bereganatzea agintea. Txibite lehendakariak gisa bereko eskaera egin dio Sanchezi: alarma egoera Nafarroak berak kudeatzea.

Erkidegoen eskaerak jasota, Espainiako Gobernuaren esku geratu da erabakia hartzea. Sanchez presidenteak astelehenerako deitu ditu bilera batera erkidegoetako presidenteak. Alarma egoera ezartzeko erabakia Ministroen Kontseiluak hartu behar du —astearteetan egiten du asteko bilera, baina ezohiko bilerak ere egin izan ditu halako egoeretan—, eta ondoren Espainiako Kongresuak berretsi behar du.

Gogoan izatekoa da atzo EAEko Auzitegi Nagusiak ez ziola Jaurlaritzari baimenik eman jende topaketak sei pertsonara mugatzeko, uste baitu oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta ez duela legezko oinarririk. «Atzo arte, uste genuen bagenuela nahikoa eskumen», esan du Urkulluk. Auzitegiaren erabakia kontuan hartuta, sei lagun baino gehiago ez biltzea «gomendioa» da orain, ez araua. Nafarroak berak ere «gomendioa» eman du elkarrekin bizi ez direnak ez biltzeko, nahiz eta hasieran Txibite presidenteak betebehar gisa aurkeztu zuen neurria.

Alarma egoerak bide emango luke horrelako neurriak agindu gisa ezartzeko. Urkulluk, adibidez, azaldu du asmoa duela jende kopurua ez ezik gaueko jarduera ere mugatzeko: «Ez zait gustatzen etxeratze agindua esatea, baina bai jarduera mugatzea, salbuespenak salbuespen: lanera gauez joaten direnak, larrialdiak eta familiako bisitak, besteak beste». Konfinamenduetarako bidea ere irekiko luke alarma egoera ezartzeak. Jaurlaritza asteotan uzkur agertu da neurri horrekin, dudan jarri du bide eraginkorra ote den, baina Urkulluk atea zabalik utzi du: «tokian-tokian» neurri zorrotzagoak ezartzea aipatu du, konfinamendua bera baztertu gabe. «Horraino irits gaitezke, baina ez da gure asmoa, ez da gure borondatea».

Alarma egoerarekin zer gertatuko den zain, indarrean dira aste honetan aurkeztutako gainerako neurriak. Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu du atzo iragarritako dekretua; besteak beste, koronabirusaren intzidentzia tasa handia duten 25 udalerritan mugatu egin du tabernen jarduna, eta 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak. Gainerako herrietan ere badira neurri murriztaileak: itxita egon beharko dute elkarteek, eta erdira jaitsi dute tabernetako edukiera.

Nafarroan, berriz, debekatuta dago herrialdetik irtetea edo herrialdera sartzea, ezinbesteko arrazoiak tarteko ez badira, eta erabat itxita dago ostalaritza, herri guztietan. Jarduera oro 21:00etarako bukatu behar da: ordu horretatik aurrera ezin da ekitaldirik egin, eta dendek itxita egon behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.