Datuei oso zorrotz erreparatzen ari zaizkiela eta kutsatze berrien trazabilitatea oso zehatz egiten ari direla adierazi du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, baina datuak «kezkagarriak» direla onartu du. Azaldu du azken asteetan hartutako neurriak ez direla aski izan, eta «urrats bat» egitea erabaki dutela. Osasun arloko profesionalek hori eskatu dietela argudiatu du, gainera.
Arazo handiena lagun eta familia bilerak direla ohartarazi du Txibitek, hor ari dela batez ere kutsatzen jendea. Onartu du badakiela herritarrak nekatuta daudela, baina birusak indartsu jarraitzen duela zehaztu du, eta erantsi du ez dutela beste neurririk: ezinbestekoak ez diren jarduerak gelditzea eta higienea eta distantzia. Bizitza asko arriskuan daudela adierazi du, eta neurriak hartu ezean «drama» handiagoak gertatuko direla.
Iruñea ixtea erabakiko ote zuten zurrumurrua eta eztabaida ibili dira azkeneko egunetan, baina neurriak herrialde osoan ezartzea erabaki du gobernuak azkenean, intzidentzia larria duelako Nafarroa osoak, Txibiteren esanetan. Horregatik erabaki dute Nafarroako perimetro guztia ixtea eta mugimenduak mugatzea. Azaldu du lanerako herrialdetik atera behar dutenek etabertara sartu behar dutenek ez dutela arazorik izango, ezta ikasketengatik, zaintzagatik edo arrazoituta mugitzeko beharra dutenek ere, baina ezinbestekotzat jo du joan-etorriak murriztea.
Jarduera sozialak, erabat murriztuta
Taberna, jatetxe, kafetegi eta osatu guztiak ere itxi egingo dituzte; etxera eramateko janariak edo edariak eman ahalko dituzte, baina ezingo dituzte bezeroak bertan artatu. Eramateko kafea, ogia eta prentsa bai, saldu ahalko dituzte zerbitzu hori dutenek. Hotelek, nekazaritza turismoek eta antzeko establezimenduek aukera izango dute haietan ostatu hartutako bezeroei jaten emateko, mahaiko gehienez lau pertsona jarrita.
Gainerako denda, saltoki eta abarrak 21:00etan ixtea erabaki dute; eta jarduera sozial eta kulturalak ere ordu horretan bukatzeko aginduko dute. Merkataritza gune handietara erosketak egitera soilik joan ahal izango dira: herritarrek ezingo dituzte aisialdirako erabili.
Eremu pribatuetako bileretan familiako kideak edo elkarrekin bizi direnak soilik biltzeko aginduko edo aholkatuko du gobernuak; arau horretatik kanpo geldituko dira bakarrik bizi direnak eta zaintza bereziak behar dituztenak. Elkarbizitza unitateen «burbuilak» mugatzera eta horietatik kanpoko harremanak ahalik eta gehien murriztera deitu du gobernuak. Auzitegiek neurriei oniritzia emango dietela espero duela ere esan du.
Garraio publikoa, bestalde, mugatu egingo dute %50era. Neurri horiek guztiek ostalariei kalte eragingo dietela onartu du lehendakariak, eta horretaz jabetzen dela adierazi du, baina gaur-gaurkoz COVID-19ari aurre egiteko ez dagoela beste modurik erantsi du. Kutsatzeak eteteko «neurri gogorrak» eta azkarrak hartu behar direla esan du Txibitek.
Ostegunean bertan indarrean
Txibitek azaldu du ostegunean sartuko direla indarrean neurri horiek —teknikoki, asteazkenetik ostegunerako gauerdian; aurki argitaratuko dituzte Nafarroako Aldizkari Ofizialean—, eta hamalau egun iraungo dutela printzipioz. Neurri berrien eraginkortasuna bi astez aztertu ondoren erabakiko dute zer egin horiekin, mantendu behar diren edo arindu edo gogortu behar diren. Azaroaren 4a arte indarrean egongo dira, beraz, gutxienez. Alerta egoera izendatzeko aukera baztertu egin du Txibitek. Ostalariei-eta erraztasunak emango dizkiete enplegu erregulazioak aurkeztu behar badituzte, lehendakariaren arabera.
Txibitek gogorarazi du orain arte epaileek oniritzia eman dietela Nafarroako Gobernuak hartutako neurriei. Indarrean sartuko den dekretuaren edukia bidali dute epaitegietara, eta behar bezala arrazoituta dagoela dio. "Gure eskumenen barruan dago", azaldu du. Txibiteren esanetan, eskaera egin eta epaileen baimena izan arte itxaron zezaketen, baina bitartean denbora gal daitekeela azpimarratu du. "Epaileek neurriren batekin eragozpenen bat ikusten badute, ezingo dugu osorik ezarri, eta hori kontuan hartuko dugu. Espero dugu orain arte bezala berrestea".
Azkeneko hamalau egunetan 5.939 kasu positibo atzeman dituzte Nafarroan, horietatik laurdenak (1.682) Iruñean bertan. 100.000 biztanleko, 899 kasu dira Nafarroan; Iruñean, tasa hori zerbait txikiagoa da, baina larria halere: 834 positibo 100.000 biztanleko. Tasa hori 500etik gorakoa izatea larritzat hartua dago, egoera kontrolpetik joaten ari den seinale, eta Espainiako Gobernuak zehaztua dauka adierazle hori dela herri edo eskualde jakinak hesitzeko parametroetako bat. Urriaren 8az geroztik, bi egunetan soilik izan ditu eguneko 400 positibo baino gutxiago.
ZIUetako %29, beteta
Herriak ixteko, ez da hori aintzat hartzen den adierazle bakarra: ospitaleetako zenbat ohe eta ZIU zainketa intentsiboetako zenbat ohe libre dauden ere aintzat hartu behar da. Eta adierazle horretan ere okerrera egin du Nafarroak denbora gutxian. Osasunbideko ohe guztien %13 daude okupatuta, eta ZIUetako oheen ia %29. Egoera asistentziala ere okertzen ari da, beraz. Oraintxe, koronabirusak jotako 215 gaixo daude Osasunbideko ospitaleetako oheetan, eta 37 gehiago daude ZIUetan.
Europako eta munduko intzidentzia handienetakoa duten lurraldeetako bat da Nafarroa momentu honetan. Azken hamalau egunetan egindako PCRetatik zenbat positibo atera diren, batez besteko portzentajea kalkulatzen du BERRIAk: uztailaren 22an iritsi zen batezbesteko hori %4,93ra —nazioartean onartutako adierazleen arabera, pandemia kontrolez kanpo dago %5era iristean—; geroztik ez da jaitsi. Irailaren 2az geroztik, berriz, %8tik gorakoa da beti. Atzo, egindako PCR testen %17k eman zuten positibo. Kutsatzen ari diren guztien arrastoari jarraitzeko zailtasuna adieraz dezake adierazle horrek.