Otsailaren 22 eta 23an epaituko dute Urrutikoetxea, 2005-2006ko prozesuagatik

Gaur hastekoa zen Josu Urrutikoetxearen epaiketa Parisen, baina atzeratzeko eskatu zuten abokatuek

Josu Urrutikoetxea, urriaren 11n, Parisen, BERRIArentzat ateratako argazkietako batean. EñAUT CASTAGNET
Berria
2020ko urriaren 19a
15:21
Entzun

Heldu den otsailaren 22 eta 23an epaituko du Josu Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegiak 2005-2006ko prozesuarekin lotuta. Gaur eta bihar egitekoa zen epaiketa hori, baina atzeratzea erabaki zuten joan den astean, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar zezakeelakoan. 2010ean sasian zela egin zioten epaiketa bategatik epaituko dute Urrutikoetxea, etakidetzat jo, eta, ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko, 2002-2005 artean ETArekin harremanak izatea leporatuta. Urrutikoetxeak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen iaz atzemana izan ondoren.

Lau lekuko deituak ditu Urrutikoetxearen kontrako epaiketa horretarako: Jesus Egiguren, Raymond Kendall, Gerry Kelly eta David Harland. Defentsak uste du nazioarteko prozesuetako parametroak urratzen direla auzi honetan. Frantziako Poliziak, barne txosten batean, ETAren ordezkaritzat zeukan, ez buruzagitzat eta ez etakidetzat. Bi guardia zibil esanguratsuk, liburu batean, ez zuten erakundearen zuzendaritzan kokatu 2002an berriz ihes egin zuenetik.

Otsaileko epaiketa arte haren egoera zein izanen den eztabaidatu dute gaurko auzi saioan. Fiskaltzak ontzat eman du orain arte izan duen egoerarekin jarraitzea, hau da, Espainiako prozeduren arabera dituen kontrol neurriekin. Azaroaren 3an emanen du erabakia epaileak.

Urrutikoetxearen kontrako bigarren auzia bai, eginen dute Zigor Auzitegian, ordurako ez baita aurreikusten lekukorik. Ostegun honetan izanen da, Parisen, 13:30etik aitzina. Etakidetzat hartuta, 2011-2013an Osloko Mahaian egotea leporatzen diote auzi horretan.

Urrutikoetxeak biktimen aitortza eskatu du

Urrutikoetxeak asteburuan Sud Ouest egunkariko elkarrizketa batean esan du «jende askorekin hitz egin» zuela euskal gatazka amaitzeko asmoz, «batez ere, gure barnean». Haren «hamarkadetako lana», elkarrizketan adierazi duenez, belaunaldi berriei indarkeria egoerarik ez uztea izan zen. Aitortu du «bi aldeetan mina» eragin izan dela, eta uste du biktimen aitortza behar dela.

2005-2006an, Genevan eta Oslon aritu zen hizketan Espainiako Gobernuaren solaskideekin, ETAren ordezkari modura: «Espainiako Gobernuak, ETA erakundeak eta nazioarteko entitate bideratzaileek eskatu zuten nire parte hartzea». Azaldu du 2006ko irailean utzi zituela elkarrizketa horiek, ETAren beste ordezkari batzuekin ez zegoelako «ados». 2011-2013an, ETAk jarduera armatua amaitu ondoren, Osloko Mahaian egon zen. «Frantziatik Oslora auto diplomatiko batean eraman ninduten».

Frantziak orain bi epaiketa egingo dizkiola eta, Urrutikoetxeak haren jarrera deitoratu du. «Ez ditu negoziatzaileen babeserako nazioarteko arauak errespetatzen».

Joan den ostegunean, haren beste elkarrizketa bat atera zen Marianne astekarian. Atzo, Le Journal du Dimanche astekariak beste bat argitaratu zuen.

Espainiako Estatuak bi euroagindu eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Parisi. Urrutikoetxeak esan du ez duela zerikusirik Zaragozako kuarteleko 1987ko atentatuarekin, eta Luis Herguetaren hilketaz (1980) gogoratu du ETApm-k hartu zuela bere gain, eta bera ez zela sekula talde horretakoa izan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.