EUSKARA

Agurra 2020ko Ibilaldiari

Ibilaldia ohiko eran egin ezin, eta 2020ko Ibilaldiari agur ekitaldia egin zioten atzo Elorrion. Urte osoan antolatzen ibili direnei eskerrak eman dizkiete Txintxirri ikastolak eta Ibilaldiak. 

Ibilaldiaren agur ekitaldia egin zuten atzo Elorrion. IBILALDIA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 19a
11:14
Entzun

«Ohiko egoera batean, maiatzaren 31k egun handia izan behar zuen gurean, milaka euskaltzale Elorrion bilduta», azaldu dute Txintxirri ikastolak eta Ibilaldiak. Eta, bistan denez, ezin izan da hala izan. Horren partez, Ibilaldiaren agur ekitaldia egin zuten atzo Elorrion (Bizkaia). Azaldu dute ez dela «erraza» izan halako ekitaldi bat muntatzea gaur egungo egoeran, «baina ezin genuen besterik gabe Ibilaldiaren urte hau joaten utzi». Guraso, ume eta ordezkari instituzionalek parte hartu zuten atzoko ekitaldian, dantza, bertso eta kantuak emanez. Bertzeak bertze, han izan ziren Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josune Bañales Ibilaldia elkarteko lehendakaria eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete urte osoan Ibilaldia aurrera atera ahal izateko lanean aritu diren boluntarioei: «Gauza jakina da Ibilaldia egun osoko jaia izaten dela, baina jende askoren urte osoko lana izaten du atzetik». Nabarmendu dute ikastolako langile, guraso eta ikasle ohi ugari aritu direla lanean hilabetez hilabete: «Ordu piloa auzolanean, ilusio eta gogo guztiarekin».

Azaroaren 13an, Donostian

Ibilaldia ez da bertan behera gelditu den ikastolen festa bakarra, halaxe gelditu baitira bertze guziak ere. Eta, horien partez, azaroaren 13rako ekitaldi bat antolatu dute Donostiako Kursaalean. Ikastolak Herriari jarri diote izena ikuskizunari, eta jakinarazi dute heldu den astetik aitzina salgai jarriko dituztela sarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.