Etxean garaipenik lotu ezinda jarraitzen du Eibarrek. Bi partida berdindu eta beste bi galdu ditu denboraldi hasiera honetan Ipuruan. Gaurko puntua, beraz, gozoagoa izango da Osasunarentzat, Celtaren aurka lortutako garaipenaren ostean. Intentsitate handiko partida izan da, baina gola falta izan zaie taldeei.
Osasunak Calleriren jaurtiketan lehenik, eta Enric Gallegoren burukadan gero, izan du aurretik jartzeko aukera. Lehenak, Dmitrovic topatu du aurrean. Bigarrenak, aldiz, gutxigatik bota du zutoinaren kanpoaldetik. Kostata, baina esnatu da Eibar, eta erdiraketen bidez lortu du Iruñeko taldeari min ematea. Biek ala biek ere ezin aurkariaren atea zulatu.
Bigarren zatiko lehen minutuetan ez da aukera garbirik ikusi, eta partida amaierara arte itxaron behar izan da berriz ere areetan mugimenduak ikusteko. Osasunaren aldetik, lehenik, Ruben Garcia ez da iritsi Jonyk jarritako baloia ukitzera, eta, gero, David Garciaren burukada zutoinaren albotik kanpora joan da. Eibarren aukera garbiena, berriz, Bryan Gilek izan du. Haren jaurtiketak zutoina jo du. Burgosek ere ia sartu du, baina bere atean. Bizi ibili da, ordea, Dmitrovic. Beraz, aukerak bai, baina golik ez Ipuruan.