Pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak, LABI aholku batzordeak gaur goizean egoera epidemiologikoa aztertu eta gero. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak zerrendatu ditu datorren astean indarrean sartuko diren neurri berriak: talde bilerak, arlo pribatuan zein publikoan, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko dira (hamarrekoa da oraingo muga); edukiera %50ean ezarri du jarduera guztietan, hau da, ostalaritzan (terrazetan izan ezik), kultura ekitaldietan, zeremonia erlijiosoetan eta igogailuetan; ostalariek gauerdian itxi beharko dute eta haurrentzako parkeak ezingo dira 23:00etatik aurrera erabili; jende elkartze handietan 400 pertsonako muga ezarri dute eremu itxietan, eta 600ekoa espazio irekietan; txokoetako eta elkarte gastronomikoetako jarduera debekatu du; eta kirol lehiaketa ez federatuak bertan behera geratuko dira.
«Kutsatzeen joera gorazkoa da eta, aurreikuspenen arabera, gorantz jarraituko du. Zorrotzagoak izan behar dugu», adierazi du Sagarduik. Izan ere, azken egunotako positibo datuei begira, Biziberri II planean aurreikusitako bost egoeretatik laugarrenean dago Euskal Autonomia Erkidegoa, eta bereziki kezkagarritzat jo du Gipuzkoako egoera: bertan daude 841 kasu berrietako 430.
Sagarduik azaldu du hiru adierazle hartu dituztela kontuan laugarren agertoki hori ezartzeko. Batetik, hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa: «100.000 biztanleko 323koa da; altua da, baina ez da 500ekoa». Kutsakortasun indizean bai, gomendatuko muga gainditu da: «Batetik gorakoa da, hau da, positibo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du». Eta azkenik, ZIUetan okupatutako ohe kopuruaz mintzatu da: «50 pertsona baino gehiago daude zaintza intentsiboetan, baina 620 ohe ere izan ditzakegu COVID-19 kasuetarako; oraindik badugu gaitasun ospitalarioa».
Jaurlaritzak gaur iragarri dituen neurriak datozen astean sartuko dira indarrean, «EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero», Sagarduik zehaztu duenez. Edonola ere, sailburuak ez du baztertu datozen egunotan bestelako neurri batzuk hartzea leku zehatz batzuetan mugikortasuna edo jarduera batzuk mugatzeko. Oraingoz, eskaera baino ez du egin: «Pertsonak mugitzea edo pilatzea eragiten duten jarduerak bertan behera uztea edo atzeratzea; etorriko dira ekintza horiek berreskuratzeko garaiak».
Osakidetzaren protokoloa, moldatuta
Era berean, Sagarduik jakinarazi du Osakidetzak bere protokoloa eguneratu duela, eta test antigenoak egiten hasiko dela, «diagnostikoak azkarrago egiteko». Halaber, bakartze denbora hamar egunetara laburtzeko irizpidea ere jaso du bertan, nahiz eta azken asteetan indarrean izan den epe hori. Kasuak detektatzeko eta bakartzeak azkarrago abiatzeko ere, aztarnarien sarea indartuko dute, beste 45 langile kontratatuz.