konponbideari begira

Nazioarteko 259 eragilek Josu Urrutikoetxearen aldeko idatzi bat atera dute

«Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen» alde egindako lana nabarmendu dute. Sinatzaileen artean dira Adams, Taubira eta Chomsky, besteak beste. Datorren astean epaiketa bat izango du, Parisen.

Josu Urrutikoetxea, irailaren 30ean, Parisen, Dei Auzitegian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
2020ko urriaren 16a
18:31
Entzun

Nazioarteko komunitateko 259 eragilek Josu Urrutikoetxeak «Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen» alde egindako lana nabarmendu dute idatzi batean, eta, ondorioz, Frantziaren jarrera deitoratu, honek hari ETArekin eta 2005-2007ko eta 2011-2013ko prozesuekin lotuta epaiketak egingo dizkiolako. Aurrena, datorren asteazken eta ostegunean, etakide gisa jo eta 2011-2013ko Osloko mahaiko parte hartzeagatik.

Sinatzaileetako batzuk dira Gerry Adams, Christiane Taubira, Noam Chomsky, Veronique Dudouet, Brian Currin, Carles Puigdemont, Pierre Joxe, Charlotte Kates, Harol Good, Raymond Kendall eta Liza Maza. Euskal eragile batzuk ere badira zerrendan: Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte edota Gabriel Mouesca.

Gaur argitara eman duten agirian salatu dute Urrutikoetxearen aurkako akusazioek negoziazioetan dutela oinarria, eta negoziazio horien xedea «gatazkaren konponbidea lortzea» zela.

Bi espedientetan jaso dituzte 2005etik 2007ra eta 2011tik 2013ra arteko aldiak. «Garai hartan, Urrutikoetxea Genevan (Suitza) eta Oslon zegoen, Espainiako Estatuarekin negoziatzen, hark eskatuta, eta Frantziako Gobernuaren babes teknikoarekin», adierazi dute idatziaren sinatzaileek.

Urrutikoetxeak bizi duen egoera «onartezina» dela esan dute, bera akusatu gisa hartzea «bakegile bat zigortzea» eta «etsaitasun bortitzeko iragan historiko batean sartzea» dela iritzita. Adierazi dute Urrutikoetxea «kriminalizatzea» negoziatzaile guztiak kriminalizatzea dela, eta horrek arriskuan jar litzakeela bake prozesu guztiak. Nabarmendu dute hark 1980ko hamarkadatik «sumatu» zuela «baketutako etorkizun bat», eta haren alde negoziatu zuela, «baita bere eremuaren barruan ere».

Urrutikoetxeak Marianne Frantziako aldizkarian emandako elkarrizketa batean esan du euskal gatazka amaitzeko lan egin zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.