EUSKAL PRESOAK

«Unearen garrantzia» kontuan hartuta, 24an Donostiara joateko deia egin du Sarek

Hainbat presoren hurbiltzea «itxaropenez» hartu du presoen aldeko mugimenduak, baina nabarmendu du ez dela aski. Manifestazioa osasun eta segurtasun neurriak beteta eginen dutela iragarri dute: lau ilaratan jarrita eginen dute ibilbidea, metro eta erdiko distantzia errespetatuta, eta maskarak soinean.

Inaxio Oiartzabal eta Joseba Azkarraga Sareko kideak, gaur, Donostian. SARE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 16a
12:42
Entzun

Sare mugimenduak euskal presoen aldeko manifestazio batera deitu du heldu den larunbaterako, eta agerraldia egin du gaur Donostian, protestaren azken xehetasunen berri emateko. Joseba Azkarraga bozeramaileak «unearen garrantzia» nabarmendu du prentsaurrekoan, eta hori «aprobetxatzera» deitu ditu herritarrak: «Duen urgentziagatik, une historiko honengatik, gorrotoa eta mendekua atzean utzi eta aurrerapausoa eman duten pertsona guztiengatik eta jada nazkatuta gaudelako eta bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun baterantz aurrera egin nahi dugulako, euskal gizarteari dei egiten diogu urriaren 24an berriro ere kalera irten dadin».

Sarek «itxaropenez» hartu ditu azken aste eta hilabeteetan gertatu diren presoen mugimenduak, baina ohartarazi du horrek ez duela erran nahi urruntzea bukatu denik: «204 presoetatik sei baino ez daude euskal kartzeletan. Egoera hori behin betiko eta irmoki amaitu behar da». Koronabirusaren ondorioz espetxeetako egoera okertu izana salatu dute, eta gogoratu dute senideek ere pairatzen dituztela ondorioak: «Bisitak egiteko zailtasunak dituzte, bisean bisekorik gabe geratu dira hainbat espetxetan, eta jada urruntzeak berak zail egiten duen harreman iraunkorra izateko arazoak areagotu dira». Euskal presoen 89 seme-alabak ere izan dituzte gogoan: «Horietako askok sei hilabete baino gehiago daramatzate aita, ama edo biak besarkatu ezinik. Zigor ankerregia da, eta desagerrarazi egin behar da».

Osasun neurriak hartuta

Donostian eginen duten manifestazioan segurtasun eta osasun neurriak hartuko dituztela nabarmendu du Sarek, eta herritarrei horiek betetzeko eskatu die: «Aldarrikatzea eta mobilizatzea posible dela uste dugu, betiere erantzukizunez jokatuz». Manifestazioa, erraterako, lau ilaratan eginen dute, metro eta erdiko tartea mantenduta, eta maskara jantzita joanen dira parte hartzaileak. Bukaeran eginen duten mosaikoan ere neurri berak errespetatuko dituzte.

17:00etan abiatuko dute protesta, Antiguatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.