Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-k ez zuen inoiz ezagutu Charles Byrne, euskalduna jaio baino 35 urte lehenago hil baitzen hura. Baina, agian, eramango zuten haren hezurdura ikustera, Londresen egon zenean, Aitor Arregi eta Jon Garañoren filmean halakorik kontatzen ez badute ere. Izan ere, biak kideak ziren erraldoitasunean.
Byrne Irlandan jaio zen, 1761. urtean, Derryko herrixka batean. Altzoko Handiak bezala, akromegalia gaitza zuen, eta horrek 2,31 metroraino haztea eraman zuen, hau da, euskaldunak baino hamar zentimetro gutxiago.
Byrne, 'Erraldoi Irlandarra', 1784ko grabatu batean.
Bien bizitzek antz handia daukate. Byrnek ere hirira joatea erabaki zuen gaztetan, 21 urte zituela, bere gorpuzkera erakutsiz dirua ateratzera. Lehenbizi Eskozian ibili zen, eta arrakasta handia lortu zuen. Ondoren, Londresera joan zen, eta orduko londrestarrak harritu zituen. Erraldoi Irlandarra ezizena eman zioten han.
Baina gaitzak eragindako minek zurrutera eraman zuten, eta 22 urte baino ez zituela hil zen. Hil aurretik, ordea, bere gorpua erostea eskaini zion John Hunter anatomista eta zirujau eskoziarrak. Orduko modari jarraikiz, espezimen bitxiak biltzeko zaletasuna zuen Hunterrek. Erraldoiak bazekien, ordea, zirujauak bere gorpua zabalduko zuela aztertzeko, eta litekeena zela gero ikusgai jartzea. Orduan exekutaturiko kriminalen gorpuekin egiten zuten hori, zientziarako, eta erraldoiak ez zuen horien patu bera izan nahi. Gainera, hil ondoren ere ikuskizun izaten jarraitzeko arriskua saihestu nahi izan zuen. Horregatik, hil aurretik tratua egin zuen lagunekin: bere gorpua berunezko zerraldo batean sartu behar zuten, eta itsasora bota.
1783. urtean hil zen erraldoia. Hunterrek kostarako bidean harrapatu zuen zerraldoa. Garraiolariak erosi zituen, hainbaten arabera, eta gorpua bereganatu zuen.
Gorpua egosi, eta, haragia kenduta, hezurrak atera zituen anatomistak, ezkutuan. Lau urteren buruan, bere bilduma pribatuan jarri zuen ikusgai. Geroztik, bi mendez egon da Londresko Zirujauen Elkargoko museoan.
Azken urteotan, ordea, ahots asko altxatu dira, erraldoiaren nahia betetzeko eskatzeko.
2011. urtean, bioetikan aditu batek eta abokatu batek esan zioten museoari hezurdura kentzeko, erraldoiaren DNA hartuta zegoelako, eta hura aski zela ikertzen jarraitzeko. Baina museoak hezurdura erakusten jarraitzea erabaki zuen.
Lau urte geroago, Derryko (Ipar Irlanda) orduko alkate Martin Reillyk museoko zuzendaritzari eskatu zion Byrneren azken gogoa aintzat hartzeko.
Erraldoi Irlandarraren hezurrak ikusgai, beste hainbat bitxikeriaren artean, Londresko Zirujauen Elkargoko museoan. PAUL DEAN
Azkena Hilary Mantel idazlea izan da. Erraldoiaren inguruko nobela biografikoa idatzita du. Londresko The Guardian egunkariari bidalitako mezu batean, «bada garaia Charles etxera itzultzeko» idatzi du. Zientziak hezurretatik behar zuen guztia ikasi duela, eta orain «zintzo jokatzekoa hari atseden ematea» dela gaineratu du. Baina Mantelek ez du nahi erraldoiaren hezurrak itsasora botatzea. Uste duenez, erraldoiak plan hori egin zuen Hunterren atzaparretatik ihes egiteko. Horregatik, hezurrak Irlandan lurperatzea proposatu du.
Museoa itxita egon da 2016. urtetik, eta 2022an da berriz zabaltzekoa. Itxialdia Byrneren gorpuarekin zer egin pentsatzeko erabiliko zutela esan zuen museoko zuzendaritzak.
Erraldoiaren DNA aztertuta, gaitza eragiten duen mutazio bat topatu dute, eta hori Irlandan familia askotan daukatela ondorioztatu dute ikertzaileek.
Aurtengo abuztuan, irlandarraren erraldoikide euskaldun Eleizegiren hezurrak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak Altzoazpiko (Gipuzkoa) hilerriko hezurtegian. Eskeletoaren hezur gehienak topatu dituzte. 1861. urtean hil zen Altzoko Handia, eta gorpua Altzoazpiko hilerrian lurperatu zuten, baina urte luzez uste izan zen haren hezurrak lapurtu egin zituztela. Aranzadik baieztatu du hilerrian bertan zeudela. Oraindik ez dute esan zer egingo duten hezurrekin.