Elkarrizketa

Josu Urrutikoetxeak dio gatazkaren konponbidearen alde egin zuela lan

Marianne aldizkariak elkarrizketa egin dio. Urrutikoetxeak aitortu du «lan handia eta arriskutsua» izan zela, eta Frantziaren jarrera salatu du. «Justizii trantsizionalaren» alde azaldu da. Datorren asteko epaiketa bat atzeratu egin du Parisek.

Josu Urrutikoetxea, 'Marianne' Frantziako aldizkariaren webean.
2020ko urriaren 16a
10:11
Entzun

2002an sasira jo zuenetik lehen elkarrizketa eman du Josu Urrutikoetxeak, zehazkiMarianne Frantziako aldizkarian, eta esan du euskal gatazkaren konponbidearen alde jardun izan zuela lanean. «2002tik, klandestinitatera igaro nintzenetik, buru-belarri aritu naiz lanean gatazka amaitzeko, ondorengo belaunaldiei ez uzteko». 2005-2007ko prozesuaz datorren astean epaiketa bat zeukan Urrutikoetxeak, baina otsailera atzeratuko dute, pandemiak sortutako egoera dela eta. Parisen jarrera deitoratu du hark, elkarrizketan: «Diplomaziaren oinarrizko legeen gainetik, Frantziako Estatuak ni auzipetzea erabaki du. Ikuspegi penala lehenesten du, eta ez du aitortu nahi gatazka bortitzetik ateratzeko egindako ahalegina». Prozesuetako mintzaideen «segurtasuna» arriskuan jarri izana salatu du.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen betiko bukatu zuela jarduera armatua, eta duela bi urte desegin zen. Urrutikoetxeak esan du «lan handia eta arriskutsua» egin behar izan zela; «sarri neure aldeko jendea konbentzitzea zen egin beharrekoa». Euskal Herriko eta nazioarteko eragile askorekin ere bildu zela adierazi du.

2005-2007ko eta 2011-2003ko prozesuetan parte hartu zuen Urrutikoetxeak (Ugao, Bizkaia, 1950), ETAren ordezkari gisa, eta nazioartearen anparoan. «Ofiziala izan zen guztia, baina sekretupekoa». Jakinarazi du lehen prozesuan —hura 2005ean eta 2006an aritu zen bileretan— «akordioa» lortu zutela Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin, Norvegian. «Puntuz puntu negoziatu genuen».

ETAko kide ohi eta euskal preso ohiak azaldu du «alde denetako biktimak» izan direla, eta «oraindik ere biktima gehiegi» daudela. «Benetan sentitzen dut eragin izan den sufrimendu guztia». «Justizia trantsizionalaren» alde mintzatu da Marianne-ko elkarrizketan, zuzenbide estatuaren «malgutasunaz». Halaber, «gatazkak jarrai ez dezan memoria lan bat» egiteko beharra ikusten du.

Frantziaren bi epaiketa

Frantziako Dei Auzitegiak atzeratu egin du Urrutikoetxearen aurka datorren astelehenean eta asteartean Parisen egitekoa zen epaiketa, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar dezakeelakoan. Baliteke otsailean izatea; astelehenean ezagutaraziko noiz izango den. 2010ean sasian zenean egin zioten epaiketa bategatik epaituko dute, etakidetzat jo eta, ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko, 2002-2005 artean ETArekin harremanak izatea leporatuta. Urrutikoetxeak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen iaz atzemana izan ondoren.

Asteazkenean eta ostegunean beste epaiketa bai eginen dute Auzitegi Korrekzionalean, Parisen, ordurako ez baita aurreikusten lekukorik. 2011-2013an Osloko elkarrizketaren mahaiaren garaian ETAren buru izatea leporatu zioten 2017ko epaiketako epaian. Kasu horretan ere berriro epaitzeko eskatu zuen, iaz.

Espainiaren eskaerak Parisi

Espainiako Gobernuak Urrutikoetxearen aurkako bi estradizio eskatuak dizkio Frantziari: Luis Herguetaren eta Zaragozako kuartelaren auziengatik; eta Auzitegi Nazionalak, bi euroagindu: Madrilgo Barajasko aireportuaren eta herriko tabernen auziengatik (lau kasuen azterketa). Parisko Dei Auzitegiak onartuak ditu Zaragozako eta herriko tabernen eskaerak, baina defentsak helegitea aurkeztu du Kasazio Auzitegian. Aldiz, Dei Auzitegiak baztertu egin zuen Barajasko eskaera.

Urrutikoetxearen beste elkarrizketa batzuk

AP News

Sud Ouest

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.