Kontu publikoak

Zergetan 2.000 milioi euro gutxiago bilduko dute ogasunek

Datorren urtean aurten galdutakoaren erdia baino gutxiago berreskuratuko dela kalkulatu du Finantzen Euskal Kontseiluak.

Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, gaur goizean. RAUL BOGAJO, FOKU
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 15a
12:22
Entzun

Zenbaki txarrak jarri ditu mahai gainean Finantzen Euskal Kontseiluak. Aurten zerga bilketa %13,3 galduko dela kalkulatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Zenbaki osoetan, iaz baino 2.058 milioi euro gutxiago. 

Eroriko handia da, historikoa, baina duela hilabete batzuk kalkulatutakoa baino hobea, bilketa 3.000 milioi edo %20 jaitsiko zela esan baitzuten krisiaren hasieran. Kopuru horiek apalduz joan dira azken hilabeteetan, besteak beste, errenta kanpaina ongi joan delako eta udan kontsumoak gorakada izan duelako.

Datorren urtean bilketak gora egingo duela uste dute ogasunek, baina ez aurten galdutakoa adina. Izan ere, 14,.250 milioi bilduko direla uste dute orain, aurten jaso daitezkeenak baino 838 milioi gehiago. Kopuru erlatiboetan, %6,25 handituko da bilketa.

Aurten gehien uzkurtu diren zergak dira datorren urtean gehien suspertzea espero denak. Kontsumoari lotutako zergak dira, hain zuzen ere. Horrela, BEZaren bilketa %11,3 handitzea espero dute Jaurlaritzak eta aldundiek (+560 milioi), eta zerga bereziena, berriz, %9,8 (+130 milioi). Igoera apalak espero dituzte, berriz, sozietate zergan (+%4,75) eta, batez ere, errenta zergan (+%1,3).

Duela urtebete egindako iragarpenetatik oso urruti geratuko da aurten bildutakoa. Aurreikuspen baikorra egin zuten duela urtebete Jaurlaritzak eta aldundiek, aurten 15.386 milioi euro jasoko zituztela iragarri baitzuten.

Zerga erreformarik ez

Bilketa asko jaitsi arren, Jaurlaritzak eta aldundiek nabarmendu dute ez dela zerga erreforma bat egiteko garaia, horrek jarduera ekonomikoari kalte egingo liokeela uste baitute.

Zorraren bitartez jasoko dute zergetan bildu ez duten dirua. Jaurlaritzak, esaterako, espero baino 1.600 milioi gutxiago izango ditu aurten. Horretatik 1.400 milioi inguru zor gehiago jaulkita lortuko dutela aipatu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, eta gainontzekoa iazko kontuetan zeuden soberakinen bitartez estaliko dute. Azken urteetan, zorra nabarmen txikitu du Gasteizko gobernuak, eta merke zorpetzeko aukera duela nabarmendu du Azpiazuk.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.