Espainiako Gobernuak laneko genero desberdintasunaren aurkako bi dekretu onartu ditu astearte honetan eginiko Ministroen Kontseiluan. Berritasun nagusia da enpresak behartuta egongo direla sexuaren aldagaia kontuan hartuta soldaten erregistroak sortzera, lanpostuak baloratzeko sistema bat ezartzera eta ordainsarien auditoria bat egitera (50 langile baino gehiagokoek). Horrez gain, enpresetan berdintasun planak garatzeko aurreko dekretua zabaldu du gobernuak. Bi testuak Lan eta Gizarte Ekonomia eta Berdintasun ministerioek eta CCOO eta UGT sindikatuek adostu dituzte.
Erregistroak langile guztiek jasotzen dituzten ordainsarien informazioa jaso beharko du, sexuen arabera bereizita, zuzendaritzako langileak eta goi kargudunenak barne, lanbide sailkapenaren eta balio bereko lanen arabera banakatua eta batezbestekoa eginda, eta oinarrizko soldatak, soldata osagarriak eta soldataz kanpoko ordainsariak jasoz.
Enpresek sei hilabeteko epea izango dute erregistroa garatzeko, eta Lan eta Berdintasun Ministerioak emango dizkie horretarako bitartekoak.
Berdintasun planak
Horrekin batera, bigarren dekretuak zabaldu egiten ditu 50 langiletik gorako enpresetan berdintasun planak egiteko eta aplikatzeko betebeharra ezartzen duen 6/2019 Errege Lege Dekretuaren eskakizunak. Iragan martxoaren 7tik aurrera, 150 langile baino gehiago dituzten konpainiek berdintasun plan bat izan beharko dute. 100 eta 150 langile bitarteko enpresek urtebete gehiago izango dute horretarako, eta 50 eta 100 langile artekoek, berriz, 2022ko martxotik aurrera egin ahal izango dute.
Arau hori ez betetzeak zigor larriak ekarriko dizkie enpresei, eta 626 eurotik 6.250 eurora bitarteko isunak ezarri ahal izango zaizkie. Gainera, administrazio publikoekin egiten diren kontratazio prozesuetan parte hartzen duten enpresek arreta berezia jarri beharko dute, betebehar hori ez betetzeak eragin kaltegarria izan baitezake lehiaketa publiko horietan parte hartzeko orduan.