Victoria Barrera Arabako PPko batzarkidea hil zen atzo, gaixotasun baten ondorioz. 2019ko maiatzeko hauteskundeen ostean izendatu zuten batzarkide, baina apenas jardun ahal izan duen karguan, urtebete inguru eman baitu gaixo. Zuzenbideko lizentziaduna zen Barrera, eta bi alaba zituen.
PPko kideek dolumin mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan. Iñaki Oiarzabal Arabako PPko buruak, esaterako, "dolumina eta gertutasuna" azaldu dizkie haren senideei. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkari ohia zen Barreraren bikotekidea. Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak, berriz, nabarmendu du "emakume, ama eta lagun handia" zela: "Haren oroimena betiko geratuko da Euskadiko PPren familia osoan".