Nafarroan, «daturik txarrenak»

546 positibo atzeman dira azken 24 orduetan: egindako PCRen %17,6. «Datu txarrak dira, pandemia hasi zenez geroztik datu txarrenak ditugu gaur», iragarri du Nafarroako Gobernuko lehedakariak Ser irrati katean.

Alde Zaharrean, terraza hutsik. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko urriaren 12a
12:00
Entzun

Atzo, Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak hartu zituen, eta bihar sartuko dira indarrean. Azken egunetan positibo ugari izan ditu, baina azken 24 orduetako kopuruek marka txar bat hautsiko dute: Nafarroako Gobernuak iragarri du 546 positibo atzeman direla.

Ordu batzuk lehenago, goizean, Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Maria Txibitek aurreratu du «600dik gora kasu» izango direla. «Horrek berretsi baino ez du egiten atzo hartutako neurriak», arrazoitu du. Hala ere, lehendakariak datu hori eman arren, azkenean gutxiago izan dira.

Dena den, aurreko asteko goranzko joera berretsi da, eta, are gehiago, igandeko datuetan jauzi kualitatibo bat izan da. Bigarren olatuan ez da 500 kasuren langa gainditu, eta azken datuak pandemia hasi zenez geroztiko txarrenak dira. Azken asteetako joerarekin bat eginez, 3.094 PCR egin dira osasun sisteman, eta horietatik %17,6k eman dute positibo (adituek gomendatzen dute %5etik behera egon behar luketela positiboek). 

Koska bat harago

Iragan astean, lau egunez 400 kasutik gora izan da Nafarroan, urriaren 7tik 10era. Lau egun horietan, 12.081 PCR egin ziren, eta, horrenbestez, egindako probetatik %14,4 positiboak izan ziren, erreferentzia gisa hartu beharreko %5eko langatik oso gora. Alta, Txibitek berak gaur eman duen datu horrek agerian uzten du datuak okertzera doazela asteon.

Egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak neurri gehiago iragarri zituen lurralde osorako, atzo. Funtsezkoak ez diren jarduerak etengo ditu gobernuak, koronabirusa heda ez dadin. Ostalaritzan, edukiera %30era murriztuko dute; terrazetan, %50era; eta tabernek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute. Merkataritza gune handietan, edukiera %40koa izango da, eta zinema areto, antzoki eta kulturguneetan, %30ekoa. Elkarte gastronomikoak itxi egingo dituzte, eta ezingo da alkoholik saldu 22:00etatik aurrera. Udalek eskumena izango dute neurri murriztaileagoak ezartzeko.

Txibiteren adierazpenak

Gaurko elkarrizketan Txibitek baztertu egin du Nafarroa ixtea eta ukatu du Espainiako Osasun Ministerioak halako proposamenik egin duela. «Neurriok ditugu mahai gainean, eta espero dugu neurri eraginkorrak izatea». Txibitek azpimarratu du hartutako neurriak gogorrak direla, «beste erkidegoetan hartutakoak baino gogorragoak».Atzo adierazi bezala, hainbat herritan neurri berak hartu direla eta funtzionatu duela adierazi du. Beharrezkotzat jo du herritarrek emandako aginduei men egitea: «Guk bakarrik ezin dugu egin».

Dena den, ez du baztertzen neurri gogorragoak hartu behar izatea: «Neurri murriztaileak hartu behar baditugu, irmo jokatuko dugu».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.