Gorakada orokorra izan da azken asteetan, baina bigarren olatuak indar handiagoa hartu du Nafarroan gainontzeko lurraldeetan baino. Maria Txibite lehendakariak adierazi du neurri murriztaileak ezarriko dituztela datozen bi asteetan joera makurtzeko asmoz. Osasun Departamentuak gaur emandako positiboen kopuruarekin kurba beheratu egin da, ez egoera arindu delako, azken egunetako gorakadaren tamainarengatik baizik. Azken orduetan, beste 427 positibo detektatu dituzte. Positibo tasa %14koa da.
Nafarroa da Euskal Herriko arreta gune nagusia, baina Gipuzkoan positiboen kopuruak handitzen jarraitzen du. Larunbatean emandako datuetan, orain arteko marka berdindu zuen, eta gaur, berriz, hura gainditu du. 263 kasu atzeman dituzte, bezperan baino hogei gehiago.
Araban eta Bizkaian, gutxitu egin dira egun bakarrean atzemandako positiboak. Araban, 55 detektatu dituzte azken orduetan, bezperan baino 25 gutxiago; eta Bizkaian, 244, bezperan baino hamasei gutxiago.
Denera, COVID-19 gaitza zuten 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Hegoaldean. Egun, 80 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gainera, gaitza zuten beste lau lagun hil dira Nafarroan. 97 eta 82 urteko bi emakume, eta 92 eta 89 urteko bi gizon.