Politika

Otegik dio elkarbizitza «lehia esparrutik» atera behar dela

EH Bilduk ohiko batzarra egin du gaur goizean, eta Otegik bertan esan du «norabide politikoa» aldatzeko akordioak behar direla.

Arnaldo Otegi artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 10a
12:59
Entzun

EH Bilduk ohiko batzarra egin du gaur goizean, kurtso politikoaren ildo nagusiak zehazteko. Bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritikatu egin ditu elkarbizitza «lehia esparrua» bilatzeko interesa dutenak, eta ohartarazi EH BIlduk ez duela gai hori «lehia esparruan» kokatuko; elkarlanerako eskua luzatu du arlo horretan akordioak lortzeko. Besteak beste, euskal presoen askatasuna eta iheslarien itzulera jarri ditu elkarbizitza lortzeko lehentasunen artean.

Bestetik, «konfiantza» mezu bat igorri dio euskal gizarteari, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera «latzaren» inguruan: «Euskal Herriak askotan pasa ditu oso egoera zailak, eta gure herriak sarritan erakutsi du egoera zailenetatik ateratzeko ere badaukala energia intelektual, ekonomiko, instituzional eta sozial nahikoa». Otegik nabarmendu du izurriteak «larriagotu» egin duela lehendik zegoen krisialdia, eta orain beharrezkoa dela «denen arteko akordioak» lortzea egoera honetatik atera ahal izateko. Akordioek, baina, «norabide politikoa» aldatu behar dutela izan ohartarazi du: «Politika publikoak eta fiskalak aldatu egin behar dira. Zintzoak izan behar dugu: ekoizpen, kontsumo eta bizitza eredua aldatu ezean, ez dugu ongizate estatusik lortuko herritarrentzat».

Ildo horretan, «bestelako gobernantza eredu» bat ekarriko duen jardun politiko bat aldarrikatu du Otegik. EH Bildu horren eredu dela esan du, eta adibide gisa jarri ditu Madrilen, Nafarroan, EAEn zein udaletan lortutako akordioak. Subiranotasunaz hitz egiteko garaia ere badela gaineratu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Guk hemen erabaki nahi dugu dena, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutenekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.