Gure Esku-k Tripontzia: Burujabetzara bidean komiki digitala eta urteberriko zozketa aurkeztu ditu gaur goizean, Donostian. Tripontzia istorio sorta erosten duten guztien artean 52.000 euro zozkatuko dituzte, eta urtarrilaren 18an egingo dute zozketa.
Aurtengoan Tripontziak helburu ekonomikoa eta kulturala izango dituela zehaztu dute. Gure Esku-ren bozeramaile Amalur Alvarezek azaldu duenez, Tripontzia «autogestiorako» tresna bat da taldearentzat, eta aurtengo krisiak Gure Esku ere jo duen arren, herritarrek Tripontzia erosten jarraituko dutela uste du: «Gu sinetsita gaude une latzetan inoiz baino gehiago, komunitatea dugula babesgune».
Baina aurtengoan, ohiko helburuetatik harago joatea erabaki dute, eta jasotzen duten diruaren zati bat kulturgintzari lotutako proiektu batera bideratuko dute: «Helburua da euskal kultur ekosistema artikulatzea; epe motzera, sektoreak bizi duen larrialdi egoerari erantzuteko, eta epe ertain-luzera, ikuspegi estrategiko batekin urratsak egiteko».