Euskararen eta generoaren arteko erlazioaz hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Emakundek eta Hizkuntza eta Generoa batzordeak antolatu dituzte 'Euskara eta feminismoa' jardunaldiak.

Dobaran eta Landaida jardunaldiak aurkezten, gaur goizean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 9a
13:47
Entzun

Hizkuntzaren eta generoaren arteko erlazioaz hausnartzeko, Euskara eta feminismoa jardunaldiak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Emakundek eta Hizkuntza eta Genero Batzordeak. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusiak eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu dituzte nondik norakoak prentsaren aurrean.

Jardunaldiak azaroko lau astearteetan egingo dituzte, 10:00etan, eta online izango dira. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Lau saioak ere zehaztuta dauzkate dagoeneko. Lehenengoa Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat izango da. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel arituko dira hizketan hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketaz. Azaroaren 10eko saioaren izena Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara da. Bertan, Irene Arraratsek eta Lutxo Egiak parte hartuko dute, eta, besteak beste, hiztunak eraikitako subjektuak ote diren, nola eraikitzen diren eta deseraiki ote daitezkeen aztertuko dute. Hirugarrena Hizkuntza, generoak eta beste menderakuntza batzuk jardunaldia izango da. Tarana Karimek, Palmira Dualek eta Leocadia Bueriberik euskararekiko izandako bizipenez jardungo dute, baita bestelako menderakuntza batzuek –jatorriak, klaseak...– nola eragiten duten aztertu ere. Azken saioa, berriz, Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak izenekoa izango da. Mari Luz Esteban, Saioa Iraola eta Elurre Iriarte arituko dira hizketan euskarak mugimendu feministan eta feminismoak euskalgintzan izandako lekuaz eta eraginaz.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, asko dira feminismoaren eta euskararen inguruan egindako gogoetak, ekarpenak eta «esperientzia interesgarriak», eta bereziki azpimarragarriak iruditzen zaizkie euskalgintzatik eta mugimendu feministatik sortutakoak. «Jardunaldi honen asmoa da horiek guztiak mahai gainean jartzea eta partekatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.