PP

Hamasei urteren ostean, Iturgaiz EAEko PPren presidentetzara itzuli da

Alderdiko zuzendaritzak Iturgaizen hautagaitza babestu du: 57 bototatik hiru abstentzio jaso ditu.

Laura Garrido eta Carlos Iturgaiz, gaur, Eusko Legebiltzarrera iristen. DAVID AGUILAR / EFE
jon olano
2020ko urriaren 8a
18:55
Entzun

Zortzi hilabeteko hutsunearen ondoren, PPk badauka presidentea Euskal Autonomia Erkidegoan: Carlos Iturgaiz (Santurtzi, Bizkaia, 1965). Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izan eta Eusko Legebiltzarreko egungo bozeramaileak hartuko du alderdiaren buruzagitza ofizialki, gaur arratsaldean zuzendaritza batzartu eta gero. Alfonso Alonsok otsailean dimisioa eman zuenetik, Amaia Fernandez idazkari nagusia zebilen zeregin horretan, behin-behinean. 57 bototatik hiru abstentzio izan dira Iturgaizen hautagaitza babesteko bozketan, PPko iturriek zabaldu dutenez.

Presidente aukeratua izan aurretik, Iturgaizek Eusko Legebiltzarreko atarian hitz egin du. Besteak beste, dei egin du PPkoek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duten presentzia «indartzeko», «[Espainiako] Konstituzioa, askatasunak, demokrazia eta Espainiaren batasuna defendatzeko». Iturgaizek «ilusio handiz» ekingo dio «aro berriari, eta «batasuna, adostasunak eta alderdiaren indartzea» bilatzea izango du helburu.

Zeregin ezagunetara itzuli da Iturgaiz, alderdiko presidente izan baitzen 1996tik 2004ra bitartean. Hura izendatuta, Pablo Casado Espainiako PPko presidentearen sokakoek beren ildoko kide bat jarri dute alderdiaren buruzagitzan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Fernandezek ere Alonsoren ildoa ordezkatzen baitu alderdian. EAEko PPk 2017ko martxoan egin zuen azken kongresua, eta Iturgaizen presidentetza hurrengo kongresuan berretsi beharko dute alderdikideek; hamaseigarrena izango da, eta, beranduenera, datorren urteko martxoan egin beharko dute. Baina izurriaren egoerak zehaztuko du noiz, Iturgaizek atzo azaldu zuenez.

Hala ere, izendapenetan antzeman daiteke Iturgaizen asmoa dela alderdi barruan gutxieneko batasun bat lortzen saiatzea; espero denez, Laura Garrido jarriko dute idazkari nagusi, eta Mikel Lezama koordinatzaile eta bozeramaile. Horrela, hiru kargu nagusiak euskaldunak izango dira. Alonsoren garaitik legebiltzarkide karguari eusten dion bakarra da Garrido; Lezama, berriz, zinegotzia da Donostian, eta Borja Senperren gertukotzat jotzen dute. Senperrek desadostasun nabarmenak izan zituen Madrilgo egungo zuzendaritzarekin, eta urtarrilean utzi zuen politikagintza —zehaztu zuen erabakiak ez zuela zerikusirik desadostasun horiekin—. Fernandezek ere jarraituko du zuzendaritzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.