Literatura

Louise Gluckek irabazi du Literaturako Nobel saria

Akademiak poeta estatubatuarraren ahots «ezinago berezia» goraipatu du, zeinak, «edertasun soil batez, existentzia indibiduala unibertsal bihurtzen baitu».

Louise Gluck poeta estatubatuarra. SHAWN THEW / EFE
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 8a
13:25
Entzun

Azken bi urteetako giro nahasiaren ondotik, ohi duen prestigio eta distira izen bakar baten bueltan jarri nahi izan du ostera Suediako Akademiak: Louise Gluck poetarengan. Hura izendatu dute 2020ko Literatur Nobel saridun. New Yorken jaio zen, 1943an, eta Cambridge (Massachusetts) du bizileku egun. Irakaslea da Yale Unibertsitatean (New Haven, Connecticut), eta 1960ko hamarkadaren azkenetan hasi zen bere obra poetikoa argitara ematen. 1968an egin zuen debuta Firstborn obrarekin, eta berehala sartu zuten AEBetako literatura garaikideko poeta nabarmenen zerrendetan. Ordutik hamabi poesia lan argitaratu ditu, baita poesiaren gaineko zenbait saiakera ere.

Akademiak nabarmendu duenez, idazkera aratz baten bilaketan datza Glucken lanaren balioa; haien esanetan, araztasun hori bilatzeko ahaleginak ezaugarritzen du idazlearen obra. "Haren poemetan, ni-ak bere ametsetatik eta ilusioetatik geratzen dena aditzen du, eta inork ezin du izan bera baino gogorragoa ni horren ilusioei aurre egiteko”, gehitu dute. Haurtzaroa, familia barneko bizitza eta senideekiko harremanak dira haren poemetan maiz agertzen dituen gaiak. Akademiaren esanetan, “existentzia indibiduala unibertsal bihurtzeko” baliatzen ditu, eta mitoak eta motibo klasikoak ere ekartzen ditu bere olerkietara horretarako.

Gaur arte, ez da Glucken lanik euskarara ekarri, eta litekeena da orain artean askorentzat egile ez oso irakurria izatea. Kirmen Uribe idazleak BERRIAri adierazi dionez, baina, AEBetako poesia zirkuluetan “oso poeta ezaguna” da Gluck: “Poeta anitza da, kriptikoa askotan, iluna, ausarta formetan. Yalen ematen ditu eskolak; ez da batere outsider-a, nolabait Wallace Stevensen bideari jarraitzen dio. Badu harreman bat greziarrekin, [Anne] Carsonek bezala. Ona da”. Uriberen ustetan, 2016an Literaturako Nobel saria Bob Dylani banatu izanaren “ifrentzuan” dago aurten Glucki eman izana: “AEBetako poesia kultuaren adierazpena da, barrura begira dagoena”.

Pandemiak eragindako segurtasun neurriengatik, normaltasunera itzuli nahian ari den akademiak izango du beste oztoporik aurten. Abenduan Stockholmen egin ohi duten sari-banatze ekitaldia ez egitea erabaki dute, eta, hala, AEBetan bertan banatuko diote Nobel saria Glucki, aurrez irabazitako aitortza esanguratsuen zerrendara batuz: horien artean ditu, besteak beste, 1985ean jasotako National Book Critics Circle Award saria, Triumph of Achilles lanagatik; 1993eko Pulitzer Poesia saria, The Wild Iris poemagatik, eta 2015ean lortutako Arteen eta Letren AEBetako Akademiaren Urrezko Domina, poesia arloan. Bestalde, Nobelaren ordain ekonomikoa bederatzi milioi suediar koroatik hamarrera igo da aurten, hots, milioi bat euro ingurura.

Zenbakitan

Nobel sariaren 120 urteko historian, akademiak 116 idazleri egin die aitortza, eta horietatik soilik hamasei izan dira emakumezkoak, Gluck barne. Jatorriari dagokionez, saritutakoen %80 idazle mendebaldarrak izan dira, gehienak ingelesez idatzi duten edo idazten duten egileak, frantsesaren, alemanaren eta espainolaren ondoren.

Azken egunetako kinieletan, Anne Carson, Jamaica Kincaid, Ngugi wa Thiong’o, Liudmila Ulitskaya eta Margaret Atwooden izenak errepikatu dira 2020ko Literatura Nobel saridun izateko hautagai posibleenen artean. Ez zen ageri, ez lerroburuetan, Glucken izena, eta ezustez hartu du zenbaitek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.