Eskoletako protokoloetan aldaketak egiteko eskatu du Haurrak Ere Bai sareak

Haurren eta nerabeen egoera emozionala gogoan izateko eskatu dute, eta protokoloak «era gizatiarrago» batean aplikatzeko. Ikasleen egoera «samurtu» nahi dute, eta Jaurlaritzak «inposatutako» protokoloa indargabetu.

Ikasle batzuk eskolara sartzeko zain, ikasturte hasieran, Bilboko Maestro Garcia Rivero ikastetxean. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 8a
12:53
Entzun

Ikastetxe batzuetan ezarritako kontingentzia planek «itxura militarra» dutela uste du Haurrak Ere Bai sareak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan martxan dauden protokoloak aldatu beharra nabarmendu du. Areago, erantsi dutenez, Eusko Jaurlaritzari horretarako eskaria ere egin diote. Sareko kideen arabera, ikasturte hasieran ez zen kontuan hartu haurren eta nerabeen «osasun integrala», eta «osasun fisikoaren zaintza» gailendu da. Beraz, beharrezkotzat jotzen dute protokoloak «era gizatiarrago» batean aplikatzea. Proposamenak egin dituzte.

Haurren eta nerabeen egoera emozionala gogoan izan beharra azpimarratu dute, helduaroan osasun integral «ezin hobe bat» izateko oinarriak etapa horietan zehazten direla nabarmenduta. «Ikastetxe barruan zaintza eta babesa kalitatezkoa eta gertukoa izatea ezinbestekotzat jotzen dugu, ikasleak gertutasunez, afektuz, begiradaz eta entzutez laguntzea». Besteak beste, garrantzitsua iruditzen zaie ikasleek izan ditzaketen «kezkak eta beldurrak» plazaratzeko aukera bat izatea. Harrera emozional bat egiteaz gain, kanpoko espazioen erabilera ere aldarri dute, «ahal den neurrian», bederen. Haien iritziz, aire zabalean COVID-19a kutsatzeko arriskua txikiagoa da, eta Osasunaren Mundu Erakundeak ere eskolak hala ematea aholkatzen du.

Segurtasun eta higiene neurriei dagokienez, adierazi dute metro eta erdiko distantzia mantenduta, aire zabalean eta bizikidetza taldeetan, ez dela beharrezkoa maskara erabiltzea, azken protokoloen arabera. Hori dela eta, ikastetxeei eskatu diete ahalegina egin dezatela «arnasguneak» sortzeko, eta haurrek maskara kentzeko aukera izateko. Bakartze gelan, berriz, haurrak laguntzaile batekin egon daitezela eskatu dute, eta tenperatura hartzerakoan «modu natural eta goxoan» aritu daitezela. Azkenik, gel hidroalkoholikoen erabilera ere zalantzan jarri dute. Aitortu dute onartzen dutela horren garrantzia, baina familiei erabakitzeko askatasuna ematea eskatu dute: «Kezkatuta gaude produktu horren kutsagarritasunarekin eta maiz erabiltzeak ekar ditzakeen ondorioekin; beraz, kezka dugunon seme-alabek eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzeko aukera izan dezatela eskatzen dugu».

Egoera «samurtzea» helburu

Haurrak Ere Bai plataformak jakinarazi du egindako eskariekin haurren eta nerabeen eskolako egunerokotasuna «samurtzea» dutela helburu, eta gurasoak ere pauso horietan laguntzeko prest daudela, ikastetxearekin elkarlanean. Hala ere, nabarmendu dute haien asmoa Eusko Jaurlaritzak ezarritako, «inposatutako» protokoloaren «abolizioa» dela. «Politikariei eskatzen diegu agintari izateari uzteko eta arduradun izaten hasteko. Har ditzatela ardurak, eta hezkuntza komunitateari ere dagokion ardura hartzeko aukera eman diezaiotela, eskolarako buelta adostua izan dadin». «Minik egin gabe babesteko beharra» jarri dute erdigunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.