Pilota

Grebari eustea erabaki dute Baikoko pilotariek

Aho batez hartu dute erabakia. Larunbateko Binakako Txapelketako finalaurrekoa bertan behera geratu da, Agirrek eta Albisuk greba egingo dutelako. Ezkurdia eta Martija pasatuko dira finalera, eta Olaizola eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute. Aspeko pilotariek erabaki dute igandetik aurrera ez jokatzea Baikok antolatutako partidak. 

Pilotariak, atzoko bileran. ARITZ LOIOLA, FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 8a
11:49
Entzun

Baiko enpresako hamabost pilotarik greba egingo dute bihartik aurrera. Guztiek, Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak, Ander Imazek, Iraitz Zubizarretak eta Endika Uriondok ez beste. Hamabi eguneko lanauztea da, hamabi egun zehatzekoa: ez dute jokatuko hurrengo hiru asteetako ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan.

Baikoko pilotari talde horrek gaur erabaki du duela astebete deitutako greba egitea. Bozketa egin dute, ELA sindikatuak Bilbon duen egoitzan, eta aho batez egin dute greba egitearen alde. «Ez da egon eztabaidarik. Egia esan, ez digute gatza jarri [Baikoko arduradunek]», esan dio Ibai Zabalak BERRIAri. Izan ere, esperotako erabakia izan da. Ustela izan zen bezperan Baikoko arduradunekin eginiko bilera. Lan gatazka konpontzeko bi aldeek egin zuten lehena izan zen. Ez zuten aurrerapausorik eman. Are gehiago, pilotarien ordezkariek bilera amaitutakoan aitortu zuten «ilusioz eta gogoz» joan zirela bilerara, baina «oso burumakur, oso triste eta etsita» etxeratuko zirela. «Borondaterik ez izatea» leporatu zioten enpresari. «Iritsi nahi ez dugun puntu batera ari dira gu eramaten», azpimarratu zuten. Halako salaketak eginda, zaila zirudien pilotariek atzera egitea eta deitutako lan uztea ez egitea. Eta hala izan da azkenean, eta greba egitea erabaki dute.

Gaur ere gogor salatu dute enpresak bezperako bileran izandako jarrera, baita Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiak gaur ETBri egindako adierazpenak ere: «hitz egiteko borondateari» eusten diola esan du. ELAren eta pilotarien ustez, «onartezinak» dira Garairen jarrera eta adierazpenak. «Garbi dago bilera horren helburua ez zela inola ere gatazkari irtenbide bat bilatzea. Greba testuinguru batean negoziazio bilera batera esku hutsik etortzea ez da onargarria, eta argi geratu zen adostasun batera heltzeko borondaterik eza. Baiko Enpresak ez zuen langileen aldarrikapen bat bera ere aintzat hartu, eta orokorrean ‘hausnarketa prozesu’ bat irekitzeko prest daudela baino ez zuten esan. Jarrera hori ikusita, eta Baiko Kirola enpresak gardentasun ekonomikoaren aldarrikapenari muzin egiten diola ikusita, datozen egunetan ELAk juridikoki aztertuko ditu Bainet Taldea S.L. eta Baiko Kirola S.L. enpresen arteko merkataritza-harremanak, eta horren ondorioz egikaritu litezkeen akzio legalak», diote ohar batean. Baikori eta Enpresen Ligari zuzendu zaizkie ere. «Datozen egunetan ikusiko da Baiko Kirolak eta Eskuzko Pilota Enpresen Ligak benetako borondatea duten gatazkari irtenbide bat emateko ala kontrara, langileen greba eskubidea urratu eta bazterrak are gehiago nahastea erabakiko duten. Denon hobe beharrez, baina batez ere hainbeste maite dugun pilotaren hobebeharrez, ELAk eta pilotariok negoziaketa zintzo bat egiteko deia egiten diogu enpresari. Gu hemen izango gaitu zain».

Greba egiteak kirol ondorioak ditu, talde hori osatzen duten pilotariek ez baitute partidarik jokatuko greba deituta dagoen egunetan. Larunbatean izango du eragina lehen aldiz grebak, eta ez nolanahikoa. Izan ere, Baikoko bi pilotari, Asier Agirre eta Jon Ander Albisu, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako partida erabakigarria jokatzekoak ziren Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka, Bilbon. Norgehiagokako irabazlea finalerako sailkatuko da. Baina Agirrek eta Albisuk ez dute jokatuko, eta beraz, Ezkurdia eta Martija pasatuko dira finalera. Eta hilaren 18an, Bilbon, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea izango dituzte aurkari. Olaizola II.a eta Urrutikoetxea aurreko asteburuan sailkatu ziren. Baikokoak dira biak, baina ez dute bat egin enpresako pilotari gehienek egindako eskaerekin.

Aspekoen elkartasuna

Horren harira, Aspeko pilotariek gaur erabaki dute igandetik aurrera ez jokatzea Baikok antolatutako jaialdiak, «onura baino kalte handiagoa» egingo diela uste baitute. «Ez dugu inondik inora egiten ari den grebak indarra galtzea nahi, ezta Baikok antolatutako partidak Aspeko pilotariekin aurrera ateratzerik nahi ere. Zoritxarrez, azken aste honetako bat-bateko jaialdiak eta denbora faltak Gernikako partidak jokatzera behartzen gaitu [larunbatean izango dira]. Jokatu ezean, bertan izango diren pilotariek ondorio larriak izan ditzakete euren kontratu legalekin, baita Aspek EITBrekin ere». Finala bi enpresek antolatzen dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.