Durangoko Azoka

Durangoko Azokak ez du salmahairik izango

Abenduaren 4tik 8ra saltoki digital bat zabalduko dutela esan du Gerediaga elkarteak, eta zuzeneko hainbat emanaldi egongo direla iragarri du. Horietara joateko, aurrez eman beharko da izena. 'Streaming' bidez ere ikusteko eta entzuteko aukera izango da.

Inigo Astiz
2020ko urriaren 8a
11:02
Entzun

Orain artekoaz erabat bestelako itxura izango du aurten Durangoko Azokak. Ez da egongo argitaletxeen eta diskoetxeen erakusmahairik Landako gunean, eta ez da azken urteetako jenderik bilduko. Halere, 55. azoka egin egingo dela berretsi dute antolatzaileek, saltoki fisikoen faltan salmenta gune digital bat irekiko baitute azoka egunek iraun artean, eta zuzeneko hainbat emanaldi ere egingo dituztela iragarri baitute. Salgune birtual hori izango da azokaren salerosketa gune bakarra. Kontzertuak eta liburu aurkezpenak izango direla aurreratu dute, eta bertaratu nahi duenak aurrez eman beharko du izena. Gaur eman dituzte lehen xehetasun horiek, Plateruena Durangoko kafe antzokian antolatutako prentsaurrekoan.

Plateruena kafe antzokian eta Landako gunean egingo dira zuzeneko ekitaldiak, eta streaming bidez ere ikusteko aukera izango da. «Guztiontzako segurua den azoka» bat sortzea izan da antolatzaileen helburua, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariaren hitzetan. «Agian errazena izango zen aurtengo azoka bertan behera uztea, baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela azoka». Kulturgile zein zaleei azokarekin konpromisoa azaltzeko deia ere egin diete.

Landako gunea, biltoki

Gaur bertan zabaldu diete saltzaileei azoka digital horretan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Zehaztu dutenez, argitaratzaile guztiek tarte bera izango dute denek orri horretan, «txiki zein handi» izan. Erosketa prozesua «erraztea» da Gerediaga elkartearen asmoa. Horregatik, erabiltzaileak saski bakar batean bildu ahalko ditu saltzaile baten zein bestearen produktuak, eta guztiak batera jasoko ditu etxean. Biltoki modura baliatuko dute Landako Gunea horretarako, eta handik aterako dira erosleen etxeetara helduko diren poltsak.

Urtean bertan argitaratutako lanak izango dira nagusi saltoki horretan, nahiz eta argitaletxe bakoitzak izango duen fondoaren zati bat ere salgai jartzeko aukera. Orain arte ezarri izan dituzten irizpideei eutsiko die Durangoko Azokak. Nagusiki euskarazko produkzioari egingo diote lekua, eta baita «euskal gaia» etiketapean kabi daitekeenari ere.

Aurtengo kartela

Aurtengo kartelaren aurkezpena ere egin dute Gerediaga elkarteko kideek. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktoreak jarri dio irudia aurtengo ezohiko aldiari. TaudaDA! izango da aurtengo leloa, eta ideia horrekin bat egiten duen marrazki bat sortu du Pikazak. Liburu hegalariak eta jendea inguruan dituen bihotz bat da.

Ahotsenea, martxan

Koronabirusaren eraginez hartu du azokaren eredua moldatzeko erabakia antolakuntzak. Krisia aurreikusiz, azokaren parte diren eragileekin hainbat bilkura antolatu dituzte, eta ekainean ere aipatu zuten hedabideen aurrean azoka digitala izateko aukera. Zuzeneko emanaldi gutxiago eta bisitari kopuru kontrolatuagoa duen azoka bat izango zela esan zuten orduan. Edonola ere, beti adierazi dute azoka egiteko borondatea.

Ahotsenea guneak ere duela aste batzuk jakinarazi zuen Durangoko Azokan emanaldiak antolatzeko asmoa, eta bere proposamena bestelako jaialdi batzuetara ere hedatuko zuela iragarri zuen. Azoka ez ezik, Zarauzko Literaturia jaialdia, Araba Euskaraz eta oraindik zehaztu gabeko hirugarren jaialdi bat aipatu zituzten prentsaurrekoan. Pentsatzekoa da, beraz, Ahotseneak antolatutakoak izango direla Gerediaga elkarteak aipatutako zuzeneko emanaldi horietako batzuk. Zehaztu dutenez, gune guztietako ekitaldiak hartuko dituzte bai Plateruenako zein Landako gunean jarriko dituzten oholtzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.