Osasuna

Haragi gorri asko eta osoko zereal gutxi daude euskal herritarren ondesteko minbiziaren atzean

EHUko ikertzaile batek Osakidetzako gaixoekin egin du lan, eta baieztatu du elikadurak lotura duela gaitza garatzeko arriskuarekin. Hesteetakoak dira minbizi motarik arruntenetan bigarrenak Euskal Herrian.

Iker Alegria Lertxundi ikertzaileak egin du lana, eta horretan oinarritu du bere doktore tesia. NURIA GONZALEZ / EHU
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 7a
16:18
Entzun

Elikadura eta hainbat minbizi mota lotuta daudela frogatzen duten ikerketak etengabe argitaratzen dira. Oraingoan, euskal herritarren artean aztertu dute zer harreman dagoen ondesteko minbiziaren eta ahotik sartzen denaren artean. EHUko ikertzaileek eta Osakidetzak elkarlanean egin dute behaketa, eta argi identifikatu dute lotura.

Iker Alegria Lertxundi ikertzaileak doktore tesia osatu du ikerketarekin: Ondesteko minbizia garatzeko arriskuarekin loturiko dieta eta genetika eragileak: euskal populazio baten kasu-kontrol ikerketa.

Ondesteko minbizia hesteen horman sortzen da, polipo batek eraginda. Kontrolik gabe haz daiteke polipo hori, eta beste organotara zabaldu. Denbora igaro ahala, era desordenatuan haz daiteke eta gorputzaren beste atal batzuetara zabaldu daiteke. Kolonekoa eta ondestekoa dira minbizirik arruntenak herrialde garatuetan, eta Euskal Herrian 2.000 kasu baino gehiago atzematen dira urtero. Gurean, kolonekoa eta ondestekoa dira minbizi motarik arruntenetan bigarrenak; emakumeen artean, bularrekoaren ondoren, eta, gizonezkoen artean, prostatakoaren atzetik.

Ondesteko minbizia pairatu duten gaixoekin egin du lan Alegriak: gaixo bakoitzaren elikatzeko ohiturak aztertu ditu ikertzaileak. Ondorioa argigarria da: gaixoek euren dietan ez zuten behar adina jasotzen gaitza eragozten laguntzen duten gaietatik, hala nola azido folikoa (hostoetan dituzten landareetan eta lekaleetan dago), D eta B bitaminak, kaltzioa eta magnesioa. Kontrara, haragi gorri asko jaten zuten, eta haragi prozesatuak. Horrez gain, gazta koipetsu asko jaten zituzten. Gainera, osoko zereal gutxi jaten zuten.

Ikertzaileek ondorioztatu duenez, aztertutako euskal herritarren artean lotuta dago dieta ezegokia hezkuntza maila apalarekin.

Kontrara, ondorioztatu dutenez, ondesteko minbizia garatzeko arriskua murrizten da zuntz askoko elikagai asko jaten dutenen artean, baita arrain urdina eta, oro har, Mediterraneoko dieta egiten dutenen artean (barazkietan, eltzekarietan, oliba olioan eta frutan oinarriturikoan)

Alde genetikoa ere aztertu du Alegriak, eta aldaera genetiko (polimorfismo) bakarra identifikatu du gaitza garatzeko arriskuarekin lotuta. Gainera, ikusi du horrek eragina duela beste ohitura batzuekin lotuta, tabakoa erretzea eta kirol gutxi egitearekin.

Edonola ere, ikertzaileak ondorioztatu du ikerketa gehiago egin beharko direla genetikaren eta dietaren arteko harremanaren inguruan, ondesteko minbiziaren arriskuari dagokionez.

Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailean egin du tesia Alegriak, Marta Arroyo Izaga doktoreak zuzenduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.