Guardia Zibilak Kepa Arkauz eta Ekhiñe Eizagirre preso ohiak eta Imanol Jaio iheslari ohia atxilotu ditu gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak agindutako operazio batean. «Helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea» egotzita egin dituzte atxiloketak, Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako «zulo» batekin lotuta. Zuloa aurkitu zutenean hamar urte baino gehiago izanen lituzkeela ondorioztatu zuen Poliziak. Bi bidoi ziren atzemandakoak: bertzeak bertze, amonio nitratoa, amonala, detonagailuak, tenporizadoreak eta baskula bat zituzten barnean.
Arrasaten atxilotu izanen lukete Arkauz, Zarautzen Eizagirre, eta Irunen Jaio (Gipuzkoa). Haien etxebizitzak miatzen ari da Guardia Zibila.
Eizagirre 2017ko azaroan utzi zuten aske baldintzapean, Frantziako Estatuan lau urte preso igaro eta Espainiaratu ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz gelditu zen aske, baldintzapean. Arkauz 2017ko irailean utzi zuten libre, espetxean lau urte eginda, hark ere Frantziako Estatuan.
Guardia zibilek Arrasaten atxilotu dute Arkauz. RAUL BOGAJO / FOKU
«Garaiz eta lekuz kanpo»
EH Bilduk atxiloketak salatu ditu: ohartarazi du «garaiz eta lekuz kanpo» daudela eta ez dutela Euskal Herrian «bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen». Koalizio independentistak gogoratu du ia hamar urte igaro direla «ETA erakundeak indarkeria erabiltzeari uko egin zionetik» eta bertze ia bi urte «ETA desagertu zenetik». EH Bilduren ustez, eta testuinguruari erreparatuta, «estatu sakonak» eztabaida politikoa «baldintzatu» eta «bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea eragotzi» nahi du atxiloketa horiekin.
Azpimarratu du ez dela horretarako «garaia»: «Espetxeak husteko unea da, ez betetzekoa. Bakea eta elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko garaia da. Estatuak gure herriaren aurka indarkeria erabiltzeari uko egiteko garaia da». «Bizikidetza demokratikoan oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera egin nahi duen euskal gizarteari» atxiloketak salatzeko eskatu die EH Bilduk.
«Iraganari loturiko gertakaria»
Sare mugimenduak ere atxiloketak salatu ditu, eta adierazi du «iraganari loturiko gertakaria» dela, «sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duena». Sarek adierazi du atxiloketak «onartezinak» direla , eta «atzerapausoa» dakartela: «Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du, eta azken urteetan euskal jendarteak, hala nola euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa». Hiru atxilotuak askatzea galdegin du Sarek, eta mobilizazioetara deitu du atxiloturikoen herrietan: 19:30ean egin dituzte protestak, Zarautzen, Arrasaten eta Abadiñon.
EH Baik Ziburun (Lapurdi) deitu du elkarretaratzera: 19:00etan egin dute, Ziburuko biribilgunean.